
2008/04/16
Aspaldian jokatzeko batere aukerarik ez du izan Quique Corralesek (Ligan abenduaren 8an aritu zen azken aldiz hasieratik Valentziaren aurkako lehian). Ezker hegaleko atzelari andaluziarrak titular gisa hasi zuen denboraldia, baina 2008an oraindik ez du Liga jardunaldi bakar batean hasieratik jokatu (Getafen 92. minutuan zelairatu zuen Zigandak, denbora galtzeko egin aldaketan). Corralesek profesionaltasun handia erakutsi du, dena dela: "Izorratu egiten nau ez jokatzeak, baina entrenatzailearena da erabakia, eta jokatzen dudanean azalpenik eskatzen ez dudan bezala, jokatzen ez dudanean ere ez dut azalpenik eskatzen. Jokatzeko aukera askorik ez izan arren, ez dut nire etorkizunari bueltak ematen hasterik nahi, eta Osasunak salbazioa lortzea soilik dago nire pentsamenduetan", esan du Corralesek.
Ezker hegalekoak Deportivoren arriskuaz ohartarazi du, baina beretzat berdin da zein den aurkaria, jokatu egin nahi du: "Bost atzelarirekin jokatzen hasi zirenetik Deportivo bikain ari da, eta ez da partida erraza izango. Halere, ni ez nago aurkaria aukeratzeko moduko egoeran. Belarra zapaltzeko irrikaz nago, eta nire aukera balitzea da asmoa", esan du Corralesek.