2008/04/16
Roberto Cearsolo Barrenetxea Guggenheim Bilbao museoko Administrazio eta Finantza zuzendaria kaleratu dutela iragarri du Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak. Bilboko Arte Garaikideko sozietate edukitzailean eta sozietate inmobiliarioan "finantza eta kontabilitate arloetan egindako irregulartasunengatik" kaleratu dute Cearsolo, Vidartek jakinarazi duenez.
Vidartek adierazi duenez, 1997tik erakundeko Administrazio eta Finantza zuzendaria zen Cearsoloren aurka salaketa jarri dute Bilboko Instrukzio Epaitegian.
Vidartek informatu duenez, museoak hainbat ekimen hasi ditu, “zuzenean huts egin dion” arazo bati aurre egiteko, Cereasolo zuzendariaren "konfiantzakoa" baitzen.
Alde batetik esan duenez, Higiezinen eta Edukitzaileen finantza eta kontabilitateko jardueren ikerketa prozesuarekin aurrera jarraitzeko asmoa dute; salaketan agertzen diren 2005eko irregulartasunak, hain zuzen.
Beste alde batetik, kanpoko ikuskaritza firma bati "Ikerkuntza Txosten berezi" bat eskatu diote, sozietate bien jarduera guztien berrikuspen sakona egin dezan.
Azkenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegia sozietate edukitzailearen operazio batzuen fiskalizazio prozesu bat egiten dabil.
Kronologia
Vidartek azaldu duenez, apirilaren 3an Cearsolo bajan zegoen, gaixorik zegoelako, eta Finantza Zuzendariordea izan zen eskatutako informazioa bildu zuena. Egun horretan sozietate edukitzaileak egindako hainbat operaziori buruzko dokumentazioa eskatu zion Herri Kontuen Euskal Epaitegiak museoari.
Hurrengo egunetan lehen irregulartasunak topatu zituzten kontabilitateko informazioan eta sozietatearen artxiboan.
Apirilaren 8an museoko zuzendaritzak abokatuei jakinarazi zien antzemandako irregulartasunak.
Apirilaren 11an Roberto Cearsolok gutun bat bidali zion museoko zuzendariari, abokatuaren bidez. Gutun horretan, "1998tik" horra 486.978,38 euroz jabetu zela aitortu zuen.
Gutunarekin batera 251.900 euroko txekea bidali zuen Cearsolok, "hartutako diruaren zati bat itzultzeko" asmoarekin, eta gainerakoa "hiru hil baino lehenago" itzultzeko konpromisoa hartu zuen.
Gertatutakoagatik barkamena eskatuta bukatu du Vidartek hitzaldia, eta jazoera horrek hainbeste gogoz lan egiten dutenen izena ez dezan zikindu espero duela gaineratu du.
Beste alde batetik, Miren Azkaratek Legebiltzarraren aurrean ager dadila eskatu du, gertaerak argitzeko, Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko kultura sailburuak bezala.
Euskadi Irratiko azken albistegia