logo de eitb24
2008ko uztailak 07 | 12:36:42
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Politika

MOZIOAK EZ DU AURRERA EGINGO

Aralar eta EB-Zutik taldeek ez dute ANVren kontrako mozioa babestuko

2008/04/16

Arrasaten bi taldeon erabakia ikusita, ANVk alkatetzan jarraituko du, izan ere, mozioari babesa emango dioten alderdiek ez dute beharrezko gehiengo absolutua lortuko. Hilaren 24an eztabaidatuko du udalak mozioa.

PSEk eta EAJk ez dute behar beste babes lortuko EAE-ANV Arrasateko alkatetzatik ateratzeko. Izan ere, Aralarrek eta EB-Zutik udal taldeak mozioaren aurka bozkatuko dutela iragarri dute.

Bi taldeotako baten babesa beharrezkoa zen mozioak aurrera egin dezan. Mozioaren aurka dauden alderdiek (EAJ, PP, PSE eta EA) 10 zinegotzi dituzte guztira, baina EAE-ANVk, EB-Zutikek eta Aralarrek 11.

Atzo goizean, ETBn egindako elkarrizketa batean, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak mozioaren aurka bozkatuko dutela iragarri zuen, EAE-ANVren eskubide politikoak "errespetatzeko".

Arratsaldean, Arrasateko EB-Zutik udal taldeak ere jakinarazi zuen ez duela mozioa babestuko, ez baitu "iritziz aldatzeko" arrazoirik ikusten (aurreko aldian ere mozioaren aurka egin zuen).

Dena dela, duela egun batzuk, Mikel Arana EBko Presidentetzako bozeramaileak esan zuen bere alderdia mozioaren alde dagoela eta, ondorioz, hura babesteko eskatuko diola udal batzarrari.

Mozioa eztabaidatzeko saioa, hilaren 24an

Bestalde, Arrasateko Udalak data jarri du jada EAJren eta PSEren mozioa eztabaidatzeko. Hilaren 24an egingo dute, 19:00etan, ez ohiko saio batean.

Mozioan, indarkeria arbuiatu ez ezik, dimititzeko exijituko diete ETA gaitzesteari uko egiten diotenei.

Sozialistek eta jeltzaleek hilaren 10ean erroldatu zuten mozioa Udalean. Egun hartan iragarri zutenez, mozio zentsura ere aurkeztuko dute EAE-ANVren zinegotziek testuarekin bat egiten ez badute.

Mozioaren testua

Mozioak "konpromiso garbia" eskatzen du "giza duintasunaren errespetuaren" eta "bereziki bizitzarako eskubidearen" aurrean.

Gainera, "pertsona guztien eskubideak" defendatu, eskubideen urraketak arbuiatu eta "aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa" onartzen ditu.

"Esklusiboki bide politiko, demokratiko eta elkarrizketatuaren aldeko apustua" egiten du eta, horrenbestez, "indarkeriaren erabileraren aurka agertzea eta gaitzestea" exijitzen du.

Mozioaren bigarren puntuan, EAJk eta PSEk adierazi dute "ETAren ekintza terroristek, azken atentatu hilgarriak eta azken komunikatuan adierazitako mehatxuek" aipatu printzipioak urratzen dituztela. Hori dela eta, aurreko puntuekin bat ez datozenen dimisioa eskatzen dute.

Gutxienez 6 herritako alkatetzan jarraituko du ANVk

Alderdiek iragarritako asmoei eusten badiete, alderdi abertzaleak sei herritako alkatetzan jarraituko du: Arrasaten, Billabonan, Hernanin, Usurbilen eta Zestoan Gipuzkoan, eta Gautegiz Arteagan Bizkaian.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta