Politika

ELKARRIZKETAK EITB-N

PSE kritikatu dute Aralarrek eta EAk ANVren aurkako mozioen harira

2008/04/15

Patxi Zabaletaren ustez, baliteke Arrasateko zentsura mozioak "mendeku itxura ematea" Isaias Carrascoren hilketaren ondoren. Sozialistei "etekin politikoa" atera nahi izatea leporatu die, bestalde, Maiorga Ramirezek.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren esanetan, PSE-EE "okertuta" dago Arrasaten ANVren aurkako zentsura mozioa aurkeztuta, ETAk Isaias Carrasco hil ondoren balitekeelako "mendeku bila dabilen itxura ematea".

ETBn egin dioten elkarrizketan Zabaletak esan duenez, Ino Galparsorok Arrasateko alkatetzan jarraitzea ez da "onena", baina Aralarrek ez du zentsura mozioa babestuko ANVren "eskubide politikoekiko errespetuagatik".

"Biktimekiko elkartasuna abiapuntu hartuta eskubide politikoak errespetatu behar dira" giza eskubide guztien defentsaren baitan, agertu du.

Bestalde, Zizurkilen (Gipuzkoa) Joxe Arregi eta Jose Luis Geresta Ttotto ustezko ETAko kideei dedikatuta zeuden bi enparantzari izena aldatu izana gaitzetsi du Zabaletak. Lehenengoa atxilotuta eta inkomunikatuta izan zuten bederatzi egunetan pairatutako torturen ondorioz hil zen eta bestea hilda aurkitu zuten zelai batean, tiro bat zuela. Haren senide eta lagunek gerra zikinaren baita egindako hilketa izan zela agertu zuten, bertsio ofizialaren arabera, ordea, bere buruaz beste egin zuen.

"Etekin politikoa" lortu nahi izatea leporatu dio EAk PSE-EEri

Bestalde, ANVk gobernatzen dituen udaletan zentsura mozioak aurkeztuta "erakundeetan toki hobea lortzeko etekin politikoa lortzeko" helburuarekin "tranpa politikoa" "ehuntzen" saiatzea leporatu dio Maiorga Ramirez EAren Nafarroako presidenteak Alderdi Sozialistari.

Horrez gain, haren esanetan, Arrasateko kasua ez da beste udalerri batzuetara zabaltzeko modukoa eta PSOEri ohartarazi dio ez dela Ajuria Eneko Itunaren "revival" bat saiatzeko "tranpan eroriko".

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan agertu duenez, atzo zuzendaritzak egindako analisiaren ondorioz, EAk ondorioztatu du zentsura mozioen ekimenek "ez dute ekarpenik egiten udalerri horien krispazio soziala murrizte aldera erakunde horietako gobernagarritasuna hobetzeko".

PSOEk Ardanzaren, Ajuria Eneko Itunaren garaira bueltatzen saiatzeko estrategia interesatu baten baitan sartu du Maiorga Ramirezek proposamena eta helburu horrekin EAren babesa ez duela izango agertu du.

EAren Nafarroako presidentearen arabera, Arrasateko kasua "oso zehatza" da, "ETAren ekintza kriminal onartezinak elkarbizitzaren oinarrizko distortsioa" ekarri duelako.

PSEk kezka agertu du zenbait alderdik mozioen aurrean "kikildu izanagatik"

Bestalde, Rodolfo Ares PSE-EEko bozeramaileak agertu du bere alderdia "kezkatuta" dagoela "zenbait alderdik" ANVren kontrako zentsura mozioetako "sendotasunean kikiltzen" ikusten dituztelako eta euren "zalantzak" azkar argitzea espero duela esan du, "elkarrekin, demokrata guztiak elkartuta" indarkeria gaitzesten ez dutenen aurka ekin ahal izateko.

Aresek esan du bere alderdiak espero duela Inocencia Galparsororen aurkako zentsura mozioa aurrera ateratzea buruzagi "doilor" horrek alkatetzan ez jarraitzeko.

EAk Arrasateko mozioa besterik ez babesteko erabakiari dagokionez, Aresek babes hori eskertu du baina "bere erabakia hausnartzeko" nahia azaldu du, izan ere, "euskal herritarren gehiengoak alderdiek arlo horretan akordioak lortzea aldarrikatzen dute", haren esanetan.

EAJren baitan gai horren inguruan dauden ustezko "arazoei" buruz ere mintzatu da. "Izan ditzaketen desadostasunak konpontzea espero dugu", esan du.

Aresek zehaztu du bere alderdiak "baldintzarik gabe" babestuko duela gainerako alderdiek aurkezten duten zentsura mozio oro.

PPk bere mozioak aurkeztuko ditu

Maria Jose Usandizaga Gipuzkoako PPko presidenteak "benetako konpromisoa" eskatu dio EAJri "ETAri zilegitasuna kentzerakoan, biolentziaren munduari utzitako lekua errekuperatzeko". "Gaur arte mundu horrek izan duen inpunitatea konpromiso horrekin baino ezingo da amaitu", erantsi du.

Horrenbestez, Alderdi Popularrak mozioak aurkeztu ditu Hernani, Pasaia, Soraluze eta Arrasateko udaletan, ordezkaritza duen udaletan, hain zuzen ere. "Zentzura-mozioa lehenbailehen aurkezteko" exijitzen dio testu horretan PPk udal-gobernuan gehiengoa duen alderdiari. Hori dela eta, EAJk eta PSEk "erabaki irmo bat" hartu behar dutela esan du Usandizagak.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta