Politika

ZIZURKIL

Udalak izena aldatu die plaza biri, ETAko ustezko kideenak zituztelako

2008/04/14

Joxe Arregi plaza Pasus deituko da, eta Jose Luis Geresta deitzen zena izen gabe utzi dute. Gainera, presoen senideei zuzendutako dirua aurrekontuetatik kendu dute. Aralarrek EBrekin Zizurkilen zuen akordioa hautsi du.
Zizurkilgo udaletxea, ertzainek inguratuta. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Zizurkilgo udaletxea, ertzainek inguratuta. Argazkia: EFE

Zizurkil Udaleko osoko bilkurak aho batez erabaki du herriko plaza biri izena aldatzea, ETAko ustezko kide bi bezala deitzen baitziren. Ateak itxita garatu da saioa, Ertzaintzak eraikina babestuta.

Saio berean 2008ko aurrekontuak onartu ditu Udalak, iazkoetatik presoen senideei zuzendutako 9.000 euro kenduta. Halaber, martxa bat antolatzeko zuzenduta zeuden 800 euro ere aurrekontuetatik kendu ditu.

EAJko bost zinegotziren, EAko biren, PSE-EEko baten, PPko beste baten eta EB-Aralarreko beste baten babesarekin atera da mozioa aurrera. Maria Angeles Lazkano (EAJ) alkatea izan zen aldaketa proposatu zuena, Fernando Mugicaren eta Miguel Angel Blancoren familiek salaketak jarri ostean.

Onartutako testuak plaza horiek "biktimak mintzen" dituztela dio, eta "egungo korporazioa osatzen duten talde politikoen irizpide ideologikoak erabakia hartu zuten ezker abertzaleko udal gobernuenen ezberdinak" direla gogorarazten du.

Hori dela eta, Joxe Arregiri zuzendutakoa Pasus deituko da, toki horretan dagoen eraikin esanguratsu bati erreferentzia eginda, eta Jose Luis Gerestari zuzenduta dagoeneko eskultura eta plaka kenduko dute.

Plazei emandako izenen jatorria

Zizurkilgo frontoia inguratzen duen guneari Geresta izena ematea Euskal Herritarrok koalizioak erabaki zuen 1999an, izan ere, Udaleko Gobernuan zen orduan ezker abertzalea. EAJ zinegotziak kontra izan zituen baina ekimena aurrera atera zen. Joxe Arregiren izena 1981n ezarri zuten.

Jose Luis Geresta hilik agertu zen zelai batean, 1999an, "suizidio" edo "gerra zikina" deitu zituzten baldintzetan. Miguel Angel Blanco zinegotzi popularraren eta Fernando Mugica buruzagi sozialistaren heriotzekin lotu zuten.

Joxe Arregi ETAko Madril taldeko kidea izatea leporatuta atxilotu zuten 1981eko otsailean, eta terrorismoaren aurkako legeak aplikatu zizkioten ondoren hil egin zen, Poliziaren bulegoetan bederatzi egun inkomunikatuta igaro ostean.

Aralarrek Zizurkilen EBrekin zuen koalizioa hautsi du

Beste alde batetik, Aralarrek Zizurkilen Ezker Batua-Berdeak talde politikoarekin zuen koalizioa hautsi du, EBk herriko plaza horiei izena emateko babesa eman baitu.

Aralarrek komunikatu batean informatu duenez, erabakia "gaitzetsi" du, "biktimen alde bat bakarrik" hartzen duelako kontuan.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta