
2008/04/14
Athleticek ezin izan zuen bolada onarekin jarraitu. Sei partida galdu barik egon ostean, zazpigarrenean porrot egin zuen talde zuri-gorriak. Merezita galdu zuen, gainera. Lotinaren Deportivo gehiago izan zen.
Hala ere, jokalariek ez dute lasaitu egin zirela entzun gura. "Ez genuen ondo jokatu. Ez genuen jakin izan Deportivoren joko sistemari aurre egiten. Hala ere, atzokoak azken sei jardunaldietako jokalari berberak ginen", adierazi du Garmendiak.
Basauritarra hasieratik aritu zen bigarren aldiz jarraian. Ez zen gustura geratu egin zuen lanarekin, ez eta taldeak emandako itxurarekin. "Minduta gaude. Zale asko joan ziren gu ikustera".
Armandok ere ez zuen egun ona izan. Tabordak takoak sartu zizkion izterrean eta Deportivok, berriz, hiru aldiz zulatu zuen bere atea. Hala ere, atzokoan ere birritan salbatu zuten zutoinek eta langak. Atezainak ez dio aparteko garrantziarik eman. "Bitxikeria da. Ez diot arreta gehiegi jartzen".
Bestalde, bere etorkizunaren gainean ere mintzatu da. Ildo horretan, esker oneko berbak izan ditu. "Presidenteak eta entrenatzaileak adierazi dutena eskertzekoa da. Pozik nago Athletic mantentzen lagundu ahal izan dudalako".