2008/04/14
ANVk gutxiengoa izanik bere esku dauden udaletan zentsura mozioak aurkeztuta ilegalizazio prozesu "paraleloa" bultzatzea leporatu diete Marian Beitialarrangoitia eta Miren Legorburu ANV-EAEko ordezkariek EAJri, EAri eta EBri.
Legorburu ANVko Hondarribiko (Gipuzkoa) zinegotziaren esanetan, mozioek "makillaje etikoa" dute baina benetan "helburu politikoa" bilatzen dute, hain zuzen, Estatutuaren erreforma egiteko EAJk eta PSE-EEk itun bat adostu aurretik "ezker abertzalea baztertzeko" helburua dutela deritzo.
"EAJk, EAk eta EBko zuzendaritzak, bakoitzak hitzaldi desberdinak erabili arren, fronte komuna egin dute PPrekin eta PSOErekin ilegalizazio estrategian, Garzonen tesiak bere egin dituzte, euren alderdien legea ekoiztu dute eta inposatu egingo dute zentsura mozioen bitartez", agertu dute ANVko zinegotziok.
Hiru alderdioi "ezker abertzalea udalaren kudeaketatik baztertu ondoren botina banatzeko oinarriak ezartzea" leporatu ondoren, Legorburuk agertu du ANV ez dela "eztabaida etikoetan" sartuko, bere ustez mozioek asmo politikoa dutelako.
Hondarribiko zinegotziak agertu du mozioen helburuak etikoak ez direnaren "froga" ekimen honek zenbait alderdi politikotan - EAJri eta EBri aipamen eginez - sortu dituen "frikzioak" direla.
"Herriaren borondateari kasurik ez egitea" eta ANVk udalak gestionatzen jarraitzea "saihesteko neurri errepresiboak" erabiltzea leporatu diete EAJri, EAri eta EBri. Haien ustez, ez da "berria" alderdiok herriaren borondateari jaramonik ez egitea, ezker abertzaleak aurkeztu ezin izan duen udalerritan euren ustez egin duten bezala. Oraingoan, ordea, "salto handia" eman dutela deritzote, ANV legezkoa izan den udaletan ere "hauteskundeetako emaitzak ez errespetatuta", agertu dute.
Horrez gain, gogora ekarri dute gaur Auzitegi Goreneko 61. Sala batzartuko dela alderdi honen ilegalizazioari buruz eztabaidatzeko.
ANVk protesta elkarretaratzeak deitu ditu datorren asteazkenerako eta ostegunerako Donostiako, Bilboko eta Gasteizko EAJren egoitzen aurrean.
Euskadi Irratiko azken albistegia