2008/04/11
Tomas Delgado Enaitz Iriondo gaztea autoarekin harrapatu eta hil, eta ondoren mutikoaren gurasoei ibilgailuan eragindako kalteak konpontzeko eskatu zuen gidariak, biktimak "stop" seinale bat ez zuela errespetatu errepikatu eta, gainera, biktimatzat jo du bere burua.
Hori da Juan Calparsoro Errioxako Fiskal nagusiak esan duena, ordu eta erdi Delgado eta abokatuarekin bilduta egon ondoren. Azken horiek ez dute hedabideentzat adierazpenik egin.
Datorren astean Calparsoro Bartolome Vargas Bide Segurtasuneko fiskal ordezkariarekin izango da, Enaitz Iriondoren harrapaketaren auzia berriro irekitzearen inguruko txostena bukatzeko.
2004ko abuztuaren 26an hasi zen auzia, Durangoko 17 urteko mutikoa Errioxako Castañares kanpinera bizikletaz itzultzen ari zenean. Gurasoekin oporretan zegoen kanpin horretan.
Harrapaketa izan eta handik hil batera, Haroko Epaitegiak eginbideak artxibatzea erabaki zuen, jazoerak ez zuela arau-hauste penala suposatzen esan zutelako.
Gurasoei autoan izandako kalteak ordaintzeko eskatu zion
Gidariak 20.000 euro eskatu zizkien Enaitz Iriondoren gurasoei 2006ko martxoan, Audi A-8an eragindako kalteak ordaintzeko.
Hala ere, gurasoak hainbat hedabideetan agertzeak eragindako presio soziala zela eta, urtarrilaren 31an Haron izandako epaiketan Delgako salaketa kentzea erabaki zuen, baina auzia ordaintzera behartu zuten.
Errioxako Fiskal Nagusiak azaldu duenez, "txirrindularia gainera etorri zitzaiola eta ezin izan zuela ezer egin berretsi du Delgadok. Hori dela eta, ez zuen erreakzionatzeko aukerarik izan adierazi eta gertatutakoa "asko" deitoratu duela gaineratu du.
"Egoera psikofisiko onean" zegoela eta ez zuela drogarik hartu azaldu du. Alkoholaren inguruan, harrapaketaren ondoren handik zebilen norbaitek zerbai eman ziola eta hartu zuela esan du.
Azkar zihoala onartu du
Gidariak, ordea, baimendutakoa baino pixka bat azkarrago zihoala onartu du, baina 90 kilometro orduko baino "pixka bat gehiago" bakarrik.
Fiskal Gorenaren aurrean egindako deklarazioan, "bidegabeko" tratua eman ziotela salatu du Delgadok, edonor egoera horretan egon litekeela uste duelako.
Argiketa berria
Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egindako argiketa berriari buruz, Delgado aurreko txostenean agertutakoa baino azkarrago zihoala zehaztu du Caalparsorok, eta eman zuen alkohol-tasa 0,23 eta 0,27 artekoa zela (lege barnekoa 0,25 da).
Istripuan egondako lekuko biek autoa eta txirrindularia "oso azkar" zebiltzala eta bidegurutzean elkar aurkitzeko "zoritxarra" izan zutela adierazi dute.
Euskadi Irratiko azken albistegia