
2008/04/10
Osasunak igandean Lluis Companys futbol zelaian jokatu beharreko partida prestatzen jarraitzen du, eta itxura guztien arabera Juanfranek hasierako hamaikakoan jarraituko du, Zigandaren zalantzak euskarri bikoitzean (Astudillo ala Javi Garcia) eta aurrealdean baitaude (Sola ala Dady). Juanfranen esanetan azken porrotaren ostean suspertzen ahalegindu beharra dauka Osasunak, eta Espanyol aurkari aproposa izan daiteke bere ustez: “Espanyolekoak ez daude unerik gozoenean. Argi dago talde hau ez dela lehen itzuliko Espanyol, eta hori aprobetxatzen ahalegindu behar dugu. Guretzat haientzat baino partida garrantzitsuagoa dela erakutsi behar dugu. Recreativoren aurkako porrota inork ez zuen espero, eta sufritu egin beharko da, baina gure esku dago helburua oraindik, eta une honetan jaitsiera postuekiko daukagun lau puntuko aldea areagotzea da gure asmo bakarra”, esan du Osasunako eskuin hegaleko erdilariak.
Real Madrilek utzita urtebete egin zuen Juanfranek Espanyolen, eta Espainiako Erregearen Kopa irabazi zuten arren, sasoi hartan asko sufritu zuten katalanek mailari eusteko (azken jardunaldiko azken minutuetan Corok Realari sartu gol bati esker salbatu ziren Lotinak zuzendu mutilak). Egun Osasunan bizi duen denboraldia ere gogorra izango da, baina orduan bezainbeste ez sufritzea espero du Juanfranek. “Nahikoa baikor nago ni, orduan Espanyol baino hobeto ikusten dut egun Osasuna, aldagela hobea daukagu eta zaleak gurekin daude. Ez dut uste Espanyolekin bezala sufrituko dudanik Osasunarekin”, aitortu du.