2008/04/10
"Alderdi guztiak erretratatzeko eta printzipio etikoak mahai gainean ezartzeko ordua heldu da", azpimarratu du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, Bilbon komunikabideekin izandako gosari batean.
Mozioen testua kudeatzeko helburuarekin bihar Legebiltzarrean egingo den bileraren berri eman du baita EAJko presidenteak. Mozioa ANV-EAEk gobernatutako udaletan aurkezteko xedearekin hitzartu dute PSE-EEk eta EAJk. Gainera, jadanik Arrasateko Udalean aurkeztu dute mozioa gaur.
EAJren exekutibaren ezohiko bilera batean erabaki dute mozioak aurkeztea, azaldu du Urkulluk. Horrela, indarkeria gaitzesten ez duten ANV-EAEko kargudunak dimititzera behartu nahi dituzte. Era berean, hasieran gaia ongi kudeatu ez izana onartu du.
Horrela, ANV-EAEk mozioa onartu ezean Arrasateko udal gobernutik botatzeko zentsura-mozioa aurkeztuko lukete EAJk eta PSE-EEk. Baina horretarako EBren, Aralarren eta EAren laguntza behar dute bi alderdiek. Hala ere, bihar Donostian gaiaz eztabaidatzeko egingo den bilera amaitu aurretik ez dute jarrerarik zehaztuko EBk, Aralarrek eta EAk.
Zapaterorekin akordioak
Zapaterok inbestidura eztabaidan izandako jarrerari buruz ere mintzatu da Urkullu komunikabideekin. Zentzu horretan, Zapaterorekin akordioetara heltzeko "itxaropena galtzen ez" duela nabarmendu du EAJko presidenteak.
Euskadi Irratiko azken albistegia