2008/04/10
Marine Pueyo eta Santi Kiroga ANVren zinegotziek agerraldia egin dute ezker abertzalearen bozeramaile moduan eta argi adierazi nahi izan dute Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak atzo Kongresuaren aurrean eman zuen hitzaldian ez zuela "ezer berririk" eskaini "gatazka politikoa" konpontzeko.
Marine Pueyo Iruñeko zinegotziaren hitzetan, Zapaterok "bide errepresibo eta militarra" erabiliz "gatazka politikoa luzatzeko" apustu "argia" egin zuen.
Pueyok Zapatero salatu du "negoziaketa prozesu"aren inguruan ez zuelako ezer aipatu. Gainera, ANVren eledunaren arabera, Espainiako Gobernuak ez zuen izan "inolako" asmorik "gatazka betirako" amaitzeko eta "irtenbide demokratikoa" emateko.
Bestalde, PSOEk botatako "enbidoa" onartzea eta, "Euskal Herriaren zatiketa" betikotuz, "botere kuota kudeatzen jarraitzeko" sozialisten "besoetara" jauzi egin izana leporatu dio ezker abertzaleko agintariak EAJri.
Nafarroa Bai ere kritikatu du Pueyok, haren hitzetan, "Euskal Herriarentzako eskaintza politikorik gabeko agente moduan kokatu da berriro". Gainera, Nafarroan "Gobernu aldaketa" bultzatzea, "eserleku aldaketa" besterik ez zela izango salatu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia