2008/04/09
TAU Ceramica Baskonia eta Partizanen arteko partida nahasi xamar hasi zen. Gasteiztarrek bi falta egin zituzten taulapean eta belgradetarren hiruko batek 0-6ko partziala ezarri zuen. Tauk defentsa hobetu eta lehen laurdenaren bukaeran emaitza 16-19koa zen.
Bigarren laurdena gogo biziz hasi zuen TAUk eta desabantaila bertan behera utzi zuen bi saskiratzerekin. Kanpoko taldeak behera egin zuen eta gasteiztarrak sei puntuko abantailaz joan ziren atsedenaldira (38-32).
Atsedenaldia eta gero sendo jarraitu zuten Spahijaren mutilek eta hamar puntuko aldea ere lortu zuen TAUk. Defentsan ondo mantendu da eta azken laurdenari zazpi puntuko abantailaz ekin zion Baskoniak (60-53).
Partizanek ezin zuen TAUren jokoa gelditu eta gasteiztarrek akats gutxi eginik partida apurtu zuten. McDonalden bi gehi bateko jokaldi batek, burua galarazi zion aurkariari. Palaciori teknika adierazi zioten eta azken minutuak lasaitasun osoz jokatu zituen Baskoniak.
Azkenean, TAU nagusitu zen 85-68ko emaitzaz eta Madrilgo Final Fourrean egongo da gasteizko taldea laugarren urtez jarraian. Moskuko CSKA izango du aurkari finalerdietan.
Fitxa Teknikoa:
Tau Ceramica (16+22+22+25): Planinic (8), Rakocevic (15), Mickeal (19), Teletovic (10), McDonald (4) -hasierako bostekoa-, Splitter (18), Singleton (-), Prigioni (7), Sergi Vidal (4) eta Jasaitis (-).
Partizan Igokea (19+13+21+15): Palacio (9), Kecman (4), Tripkovic (16), Velickovic (14), Pekovic (9) -hasierako bostekoa-, Tepic (14), Vitkovac (-), Bozic (-), Vranes (2) eta Borovnjak (-).
Euskadi Irratiko azken albistegia