
2008/04/09
Pablo Orbaizek haustura miofibrilarra dauka eskuin kuadrizepseko aurreko zuzenean eta ostegunean ebakuntza egingo diote Gasteizko USP erietxean artroskopiaren bitartez, informatu du klubak.
Nafarrak hiru edo lau hilabete emango ditu bajan eta beraz agur esan dio aurtengo denboraldiari.
Bestalde, Del Horno ere, baja izango da bi edo hiru astean. Erresonantzia magnetiko nuklearra egin diote gallartakoari eta haustura du eskuin hankako soleoan.
Athletic lanera itzuli da egun biko atsedenaren ostean. Mailari eusteko puntuak eskuratu ostean, Liga bukaeran gozatzea dute xede Caparrosen mutilek. Eta, bide batez, UEFArekin amets egitea gura dute. Egun ez dute ezer baztertzen. "Amets egiten jarraitu gura dugu. Behingoz gozatzeko aukera dugu eta ahalik eta gehien gozatzen ahaleginduko gara", adierazi du Gabilondok.
Athletic bigarren itzuli paregabea egiten ari da. Ligako hirugarren talderik onena da, eta bide beretik jarraitu gura du. Horretarako, maila beretsua erakusten ari den Deportivo hartu beharko du mendean. "Bigarren itzulian puntu asko irabazi ditugun talde bi izango gara aurrez aurre. Bost atzelarirekin jokatzen hasi zenetik asko aldatu da Deportivo", esan du Llorentek.
Errioxarra ere itxuraldatuta dago aspaldian. Maila bikaina ematen ari da. Hala ere, gehiago eskatzen dio bere buruari. "Golik sartzen ez dudan partidetan ez naiz gustura egoten".
Eman zure iritzia gai honi buruz. Idatz ezazu zure artikulua edo beste zaleen artikulua komentatu. Bidal itzazu zure argazkiak eta bideoak. Hau guztia Athleticeko blogean.