2008/04/09
Ino Galparsoro Arrasateko alkatea (ANV) ia ziur agertu da bere udal gobernuaren kontra zentsura- mozioa aurkeztuko dutela eta EAJk eta PSOEk Arrasate "bataila politikoaren erdigunean kokatu" dutela kritikatu du, "tartean gu Alkatetzatik botatzeko estrategia bideratuz".
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, Galparosorok esan du ETA gaitzetsi ezean ANVko kargudunen dimisioak eskatzeko EAJk prestatu duen dokumentua ez dela berria; izan ere, "horrelako gertakariak jazotzen direnean, hemengo klase politikoak etika eta moralari buruzko eztabaidak sortzen ditu, etikarik gabeko pertsonak izango bagina bezala, eta eurentzat hartzen dute label demokratikoa nork duen eta nork ez esateko eskubidea".
Horiek horrela, herri honetan "indarkeria ekintzak egunero" gertatzen direla adierazi du eta "duela gutxi Arrasaten bi pertsona (Igor Portu eta Mattin Sarasola) indarkeriaz torturatu" zituztela, baina orduan alderdiek "horrelako ezer" proposatu ez zutela salatu du.
"Gauzak testuingurutik atera direla uste du eta agerian geratu da ez dela EAJk ANVri egindako hordagoa, baizik eta EAJk kosta ahala kosta PSOErekin akordio batera iritsi nahi duela. Estrategia horren baitan kokatu behar dira EAJk Arrasateko nahiz beste herri batzuetako udaletxeetan aurkeztuko dituen mozioak", nabarmendu du.
Horrez gain, Ino Galparsorok esan du Isaias Carrascoren hilketaren ostean "lintxamendu" baten biktima izan dela. Nolanahi ere, azken asteotan hainbat lagunen eta ezberdin pentsatzen duten hainbat pertsonen elkartasun adierazpenak jaso dituela azpimarratu eta babes hori eskertu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia