Politika

HILAREN 21EAN HASIKO DA

250 lekuko baino gehiago Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako epaiketan

2008/04/03

Lekukoen artean hainbat esparrutako pertsonak izango dira, hala nola Juan Martinez Irujo pilotaria, Evaristo 'La Polla' taldeko abeslaria eta Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohia.
Auzitegi Nazionalak Madrilgo Casa de Campon dituen instalazioak. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Auzitegi Nazionalak Madrilgo Casa de Campon dituen instalazioak. Argazkia: EFE

Berrehun eta berrogeita hamar pertsonak baino gehiagok lekuko gisa deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurka hilaren 21etik aurrera egitekoa den epaiketan.

Orotara, 27 lagun auzipetu dituzte, tartean Juan Mari Olano AABetako bozeramaile ohia. Fiskalak 10 urteko kartzela zigorra eskatu du haientzat, ETAko kide izatea egotzita.

Auzitegi Nazionalak oharra helarazi die Fiskaltzari eta abokatuei, epaiketak goizeko eta arratsaldeko 49 saio izango dituela jakinarazteko. Astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan izango dira hain zuzen ere saioak, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Teresa Palaciosek, Carmen Paloma Gonzalez Pastorrek eta Juan Francisco Martelek osatuko dute tribunala.

Hilaren 21ean eta 22an auzipetuek deklaratuko dute. 28tik aurrera, aldiz, lekuko guztiek.

Lekukoak

Lekukoen artean hainbat esparrutako pertsonak daude, hala nola ertzainak, politikariak, kirolariak, abeslariak, presoak, abokatuak eta gotzain bat.

Besteak beste, ondorengo lagunek deklaratuko dute: Rafael Larreina (EA) eta Oskar Matute (EB) politikariak; Rafa Diez (LAB) eta Jose Elorrieta (ELA) sindikalistak; Odon Elorza Donostiako alkatea; Evaristo Paramos La Polla Records punk taldeko abeslaria; Juan Martinez Irujo eta Oier Zearra pilotariak; Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohi eta Euskal Herriko selekzioaren egungo hautatzailea; Harriet Iragi ETAko presoa eta Karmelo Landa Batasuneko mahaikidea.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta