2008/04/02
Igandean bilbotarrek euren etxeetara ura indar gutxiagorekin helduko dela igarriko dute. Neurria igandeko 10:00etatik asteleheneko 04:00ak arte izango da indarrean, 18 orduz, lanak egin behar baitituzte Errekaldeko ur-sarean.
Ur txorrotan presio jaitsiera 150.000 auzotarrek nabarituko dute. Izan ere, etenaldi horretan, Ordunteko andelak bakarrik hornituko du Bilbo osoa.
Errekalde auzoko hodi-sarea berritzeko hiru loturen artean bi Gordoniz kalean egingo dituzte. Udalaren esanetan, ez dute ura moztuko, baina indar gutxiagorekin helduko da etxebizitzetara, eta ahal duten guztia egingo dute hodi gehiagorik ez apurtzeko.
Sabasek ziurtatu duenez, uraren presioa jaitsi egingo da, etxe batzuetan besteetan baino gutxiago. Arazoak egotekotan eta etxebizitzetara urik ez iristekotan, bizilagunek Udalak jarritako 94 424 99 09 telefonora deitu ahal izango dute.
Horrelakoetan, behin zerbitzua berrezarrita minutu batzuz txorrota ireki behar dela gomendatu du Udalak, ur-hodiak garbitu daitezen. Nolanahi ere, kontsumitzeko eta garbitzeko ur nahikoa biltzea gomendatu dute.
Azaroan hodi nagusi bat apurtu zen eta bilbotar asko ia ur barik gelditu ziren ordu batzuetan. Oraingoan, berriro ezbeharrik gerta ez dadin, neurri guztiak hartu dituztela esan du Jose Luis Sabas lan eta zerbitzuetako zinegotziak.
Hala ere, noizbehinka ur mozketak egon daitezkeela esan du, eta ura indar oso gutxirekin helduko dela eraikinetako goiko solairuetara eta Bilboko goialdeko auzoetan bizi diren etxeetara.
Informazio guztia argi eta garbi ikusteko infografia berezia plazaratu du Bilboko Udalak.
Euskadi Irratiko azken albistegia