
2008/03/31
Xabi Prietok Ferrolgo Racingen aurkako porrota izan du hizpide goizeko lan saioaren ondotik. Epailearen lana "erabakiorra" izan zela uste du, baina eurek ere hobetu beharra dutela gogoratu du. "Ezin dugu aitzakiarik jarri, ez epailea, ez eta gu, ez ginen ondo egon. Lehen golak partida hautsi zigun. Aurkariaren area ingurura berehala ailegatu nahi genuen, eta halakoetan hobe izaten da pazientzia puntu bat izatea".
Azkeneko hiru partidak galdu ondoren egoerari buelta eman behar zaiola dio. "Susperraldiak lehenbaitlehen iritsi behar du. Igoera dugu helburu, eta azkeneko emaitzak ez dira igo nahi duen talde bati dagozkionak. Ezin dugu aukera gehiago pasatzen utzi".
Iñigo Diaz de Ceriok, bestalde, atzoko porrotak aldagelan "mina" eragin duela onartu du. Epaileari buruz ez du gehiegi hitz egin nahi izan, dena esana dagoela argudiatuz. Taldearen jokoari dagokionean behera egin dutela uste du. "Duela hilabete baino okerrago gaude orain. Aurkariaren area ingurura ez gara lehenagoko erraztasunarekin ailegatzen. Azkeneko pasean asmatzea falta dugu".