2008/03/31
Tabakalerak, Donostiako kultura garaikidearen nazioarteko guneak, pauso garrantzitsua eman du gaur. Izan ere, administrazio kontseilua osatzen duten hiru erakundeek (Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru aldundiak eta Donostiako Udalak) proiektua bultzatzeko akordioa izenpetu dute. Hala, Donostiak eta Gipuzkoak orain arte dituen kultur zerbitzuen mapa berrantolatuko dute.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako sailburuaren esanetan, Tabakalera Euskaditik haratago ere "erreferentziagune" bihurtzeko lan egingo dute.
Ikus-entzunezkoen zentro garaikideak Euskadiko Filmategia hartuko du. Hori horrela, filmategiko kide berri izango da aurrerantzean Donostiako Udala eta egun dituen zinema aretoak Tabakalerara eramateko konpromisoa hartu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena oso handia izango da. Sormen eta kultura alorrean urteetan zehar bultzatu dituen Arteleku arte zentroa Tabakalerara eramango du, baita Koldo Mitxelena eraikineko erakusketa zerbitzuak ere.
Euskadiko Liburutegi Nazionala
Koldo Mitxelena liburutegiak hazkunde esanguratsua izango du eta, aurrerantzean, bertan kokatuko da Euskadiko Liburutegi Nazionala.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan duenez, legealdiko egitasmo kultural nagusia izango da honakoa eta diruz lagunduko dute.
Tabakaleran, gainera, mediateka garrantzitsua osatuko dute. Ikus-entzunezkoen zerbitzua eskainiko du, Donostiako Udalaren sareko liburutegiak eta Artelekuko dokumentazio alorrak batuko dituena.
Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendariaren hitzetan, erabateko bultzada jaso du berak zuzentzen duen zentroak. Horrez gain, eraikina arkitektonikoki birmoldatzeko lehiaketa zabalduko dute aurki.
Euskadi Irratiko azken albistegia