2008/03/30
Fernando Etxegarai preso ohiak Berria eta Gara egunkariei eskainitako elkarrizketan aitortu duenez, "sinestezina" egiten zaio bizi duen egoera. Aurrez ezarritako zigorrak egun batetik bestera urtetan luzatzen dituen Parot doktrina "hiltzeko formula bat gehiago" dela uste du. Era berean, "doktrinak degradatu egiten du erabakia hartu duena" gaineratu du.
Fernando Etxegarai bilatu eta atxilotzeko agindua eman du Espainiako Justiziak. 20 urte eta bederatzi hilabete espetxean bete ondoren libre atera zen, baina Parot doktrinaren bidez zigorra luzatu eta, berriz ere, espetxeratzeko agindua eman dute. Etxegaraik ordea ez du agindu hori bete, ihes egin du, eta Berriari eta Garari eskaini dien elkarrizketa argitaratu dute gaur.
Erabaki horren "bidegabekeria eta gogortasuna" azpimarratu du elkarrizketan Etxegaraik eta geratzen zaion lau urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra betetzeko espetxera itzultzeko asmorik ez duela argi uzten du.
Fernando Etxegaraik galdetzen du "nola izan daitekeen posible 20 urtez legezkoa izan dena orain ez izatea". Parot doktrina dela eta, bere aurka berriro ere atxilotzeko agindua izatea alegia.
"Preso asko zaharrak dira, urte luzetan baldintza gogorrenetan bizi izanda eta gaixotuta daude", azpimarratu du Etxegaraik elkarrizketan. "Denok pentsatzen dugu irtengo garela kartzelatik, baina ziur nago horietako asko ez direla aterako; hori heriotz zigorra da, garbi dago", gaineratu du euskal presoen egoerari buruz.
Neurri horien guztien helburua "pertsona suntsitzea" dela argi du Etxegaraik, "izan dezakeen edozein kontzientzia politiko galtzeko". Orain arte 27 euskal presori aplikatu diete Parot doktrina eta horietatik 22 kalean lirateke ezarri izan ez balitzaie.
Euskadi Irratiko azken albistegia