2008/03/27
Zadorrako sistemako jarraipen mahaiak gaur arratsaldean erabaki duenez, Arabako urtegietako alerta egoera bukatuta dago eta datozen orduetan Urrunaga eta Uribarri Ganboa urtegietako uhateak itxiko dituzte.
Gainera, denboraleak indarra galduz doanez, ibaiak izan ohi duten mailara itzultzen ari dira eta, nahiz eta oraindik ur asko eraman euria eta elurra direla eta, ez dago gainezka egin dezaketen arriskurik.
Datu bitxi moduan, Nafarroako Itoiz urtegia lehen aldiz bete da, baina aurreikusita zegoena baino lehenago.
Iparraldeko egoera antzekoa da. Euriak tregoa bat eman du eta ibaietako ur maila, altua den arren, dagoeneko ez da arriskutsua.
Uhateen itxiera
Uraren mahaiaren aurreikuspenen arabera, bihar, gehienez, 15 litro botako ditu metro karratuko. Hori dela eta, Urrunagako uhateak ixtea erabaki dute.
Beste alde batetik, Uribarri Ganboakoak ur mailak gora egiteari uzten dionean itxiko dituzte, eta biharko edo etzirako espero dute hori.
Urtegi bietan zabalik egon diren lau uhateek segundoko 25.000 litro ur bota dituzte Zadorrara eta ibaiak arazo handirik gabe onartu du, kalte handirik eragin gabe.
Zadorrako sistemako urtegi biak %87an daude eta gaur botatako euria eta elurra jasotzen jarraitzen dute.
Beste alde batetik, Opakuako mendatean elurra kentzeko makinek lana izan dute gaur goizean. Dena dela, elur kota 1.200-1.500 metrora igo da.
Kontsultatu eguraldiari buruzko albisteak, ikus ezazu eitb24n argazki-galeria, eta bidali zure argazkiak eguraldiblogera eta bideoak ZUkazetarira.
Euskadi Irratiko azken albistegia