2008/03/27
Azkeneko bi partidetan itxura ona eman du taldeak, baina Numantzia eta Sportingen aurka jokaturiko neurketak galdu egin ditu.
Hala, joko onaren gainetik garrantzitsuena emaitza onak eskuratzea dela gogoratu du Xabi Prietok. "Beti dira garrantzitsuena emaitzak, baina orain, denboraldiko unerik erabakiorrenean sartzera goazenean, are gehiago”. Taldearengan "erabateko konfiantza" duela gogoratu du.
Bi partidak segidan galtzeak utzitako ondorioak ere aipatu ditu Prietok. "Okerrena Sportingen aurka galtzea izanda, eurengandik bi puntura, eta aldeko zein aurkako golen aldea aurka dugulako orain".
Donostiarrak hurrengo bi partidak benetan garrantzitsuak direla dio. "Etxean jokatzen ditugu, eta ez dago aitzakiarik, biak ala biak irabazi behar ditugu. Etxetik kanpo geratzen zaizkigun partidak zailak direla? Sportingek ere antzeko egutegia du" gogoratu du.
Bestalde, taldearen inguruan bada eztabaidarik joko sistemari dagokionean. Ohiko 4-4-2kotik, Fran Merida bezalako erdipunta batekin jokatzearen aldeko iritzia indarra hartzen ari da, baina ez dirudi Eizmendik aukera horren alde egingo duenik.
Meridak bere eta taldearen egoera izan ditu hizpide. "Balizko igoera dela eta gogo eta ilusio askorekin nago. Denok nahi dugu gehiago jokatu, baina entrenatzailearen erabakia errespetatzea besterik ez dut" esan du Realeko jokalariak.