2008/03/27
"Txatarra eta objektu zaharrak hartzen ditugu. Denetarik egiten dugu". Modu horretan sustatzen du Pedrok bere negozioa. Pablo eta Eganekin batera Bilbo eta inguruko herrietako kaleetan barrena ibiltzen da txatarra biltzen
Lan gogorra, zikina eta gaizki ordaindutakoa da. "Horrela ez gara helduko zahartzarora", dio Pablok. Orduak eta orduak pasatzen dituzte kalean. Dena den, hiru langile hauek zorte handia izan dute. Zenbait enpresek erabili ezin duten materiala dutenean deitu egiten diete, jaso dezaten. "Igogailuetako materiala onenetakoa da" , aitortu du Pablok. Izan ere, lehen eta bigarren mailako materiala dago.
Kilo eta material motaren arabera ordaintzen da txatarra. "Kobrea da gehien ordaintzen dena", dio Iker Juanikorenak, Donostialdeako Juanikorena txatartegiaren jabeak. Kobrearen atzetik burdina dago.
Goiz batean 300 kilo ere jaso ahal dituzte Pablok, Pedrok eta Eganek. Kamioia bigarren mailako materialarekin betetzen dutenean, etxeko-tresna eta hodiekin alegia, 22 euro jasotzen dituzte, batez beste. Hiruren artean banatzeko ordainsaria da. Baina "egun guztiak ez dira berdinak", esan du Pedrok. "Egun hobeak eta okerragoak daude2.
Lanbide zaharra da txatar-biltzailearena. Burdina, aluminioa eta bestelako materialak biltzen ditu, ondoren berrerabiltzeko. Hala eta guztiz ere, birziklapenak inoiz baino gehiago kezkatzen gaituen honetan, txatar-biltzailearen etorkizuna kolokan dago.
Txatar-biltzaileak desagertzear
Egun kaleetan txatarra biltzen zenbat lagun dauden jakitea ezinezkoa da, baina orokorrean txatarraren munduan milaka lagun mugitzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 300 txatartegi inguru daude. Horietako bakoitzean 40 txatar-tona inguru hartzen dituzte bataz beste.
Birziklapenerako eta hondakinen kudeaketarako egitasmo ugari jarri dira abian. Ondorioz, kaleko txatarra desagertzear dago. 2007. urteko abuztuaren 13an adibidez, birziklapenarekin lotutako lege berria sartu zen indarrean. Tresna elektrikoak egiten dituztenei beraien produktuen hondakinez arduratzera derrigortzen ditu.
Araudi horren ondorioak nabariak dira jada. Gero eta gehiago dira lantegietatik zuzenean txatartegietara joaten direnak. Horrela jarraituz gero, Pablok, Pedrok eta Eganek garbigailu batengatik lortzen duten euro bakarra edota mikrouhin-labe batengatik jasotzen dituzten 60 zentimoak gal ditzakete.
Euskadi Irratiko azken albistegia