2008/03/27
Athletic azken hiru denboraldietako unerik gozoenetarikoan dago. Taldeak hiru garaipen jarraian eskuratu ostean alai daude jokalariak. Aspaldiko partez gozatzen ari dira.
Baina euren poza agertzeko era ezberdinak dituzte. Batzuk, esperientziak lagunduta, gauzak poliki egin behar direla uste dute. Gabilondo da futbolari horietako bat. "Oraindik ez dugu helburua lortu. Beraz, salbazioa eskuratzeko falta zaizkigun puntuak eskuratu behar ditugu. Aldagelan ez dut bestelako konturik entzun".
Fernando Llorente, berriz, ausartago agertu da. Aurrelari errioxarrak behin baino gehiagotan aipatu du UEFA bere agerraldian. "Recreativo mendean hartzen badugu hamar puntuko aldea eta golen aldea izango dugu.. UEFA gertu daukagu".
Bi jokalariak gustura daude. Arlo pertsonalean ere ondo ari dira egiten gauzak. Errioxarra asko ari da nabarmentzen. Horregatik gaur bere izena daraman taldea inauguratuko dute. "Sasoi onean nago. Maila berean jarraitzea da gaitzena".
Gabilondok ere ez dauka kezkatzeko arrazoirik. "Gustura nago. Taldea irabaztean ari da eta ni jokatzen ari naiz".