logo de eitb24
2008ko maiatzak 12 | 02:45:00
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

Hiru atxilotu Bizkaian, emakumeei eraso egitea egotzita

2008/03/27

Basaurin gizon bat atxilotu dute bikotekideari mahai bateko hankarekin jotzeagatik. Bilbon gizon batek haurdun bati ostikoak eman dizkio sabelean eta beste batek emakume biri eraso egin die, seme-alabak aurrean zeudela.

Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, Basaurin, emakumeen aurkako indarkeri delitu baten egilea izatea egotzita.

Atxilotuak buruan jo du bikotekidea, etxebizitzako mahaietako bateko egurrezko hanka batez baliatuta, eta ondoren kalteak eragin ditu etxebizitzako atarian eta kalean aparkatuta zeuden zenbait ibilgailutan.

Emakume biri eraso egin die seme-alabak aurrean zeudela

Gainera, Bilboko Udaltzaingoak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, bikotekideari eta koinatari eraso egiteagatik lau haurren aurrean. Umeak biktimen seme-alabak ziren.

Emakume bien testigantzaren arabera, atxilotuak bikotekideari mehatxuak eta irainak bota, eta kolpeak jo zizkion. Halaber, biktimaren arreba lepotik heldu eta lurrera bota zuen.

Gainera, lehenengoak agenteei esan zienez, aurretik ere tratu txarrak eman zizkion gizonak, haurdun zegoenean ere.

Atxilotu bat haurdun bati erasotzeagatik

Bestalde, 37 urteko gizon bat atxilotu dute bart Bilbon, ustezko lesio delitu baten egilea izatea egotzita. Atxilotuak pisukide baten gelako atea hautsi zuen eta zenbait ostikada eman zizkion sabelean eta kolpe ugari gorputzaren beste hainbat tokitan. Biktima haurdunaldian oso aurreratuta dagoenez, presaka eraman zuten Basurtuko Ospitalera.

Ertzaintzak dei bat jaso zuen gaueko hamarrak baino minutu batzuk geroago, Barinaga kaleko etxe batean eraso bat gertatu zela esaneteko. Agenteak etxera heldu zirenean eskailera-buruan topatu zuten biktima, eta azaldu ahal izan zuenaren arabera, etxebizitza barruan zegoen gizon bat izan zen erasoaren egilea.

Erasotzailea etxebizitzako beste logela bateko maizterra zela aipatu zuen emakumeak, atea apurtuz sartu zen logelan eta ostikoka hasi zitzaion, sabelean zein gorputzeko beste ataletan. Ertzainek anbulantzia eskatu eta zauritua Basurtuko ospitalera eraman zuten, ustezko erasotzailea lesio-delituengatik atxilotuta.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta