logo de eitb24
2008ko maiatzak 12 | 05:30:59
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

AZALPEN ESKE ITALIARI

Mozzarella salmenta blokeatzeko mehatxua egin du Bruselak

2008/03/27

18:00etara bitarteko epea eman dio EBk Italiari dioxina kopuru handiak dituen mozzarella gaztari buruzko azalpenak eman ditzan. Erromatik esan dute kaltetutako produktua ez dela "merkatu lokaletik" atera.
Bufalo emearen mozzarella paketeak. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Bufalo emearen mozzarella paketeak. Argazkia: EFE

Europako Batzordeak 18:00etara arteko epea eman dio Italiako Gobernuari dioxina kopuru handiak dituen mozzarellaren gorabeherei buruz azalpenak emateko.

Italiako Gobernuak Europako Batzordeari jakinarazi dio ez ohiko dioxina mailak dituen bufalo emearen mozzarella partidak ez direla atera "merkatu lokaletik" eta, beraz, ez dutela eraginik Europako Batasuneko gainerako herrialdeetan, Nina Papadoulaki EBko Osasun bozeramailearen esanetan.

Kutsatutako partidak Campanian daudela eta lau elkarte ekoizleren 23 saltokietakoak direla agertu diote Italiako agintariek Bruselari. Horrez gain, dioxina mailak "altuak bai baina gehiegizkoak ez" direla agertu dute, EBko bozeramailearen esanetan.

Europako elikadura komisarioak zenbait hutsune ikusi ditu orain arte Erromatik helarazitako informazioaren baitan, beraz, Bruselak informazio "osatu eta zehatzagoaren" zain jarraitzen du. Besteak beste, elkarte ekoizleen eta denden izenak, kutsatutako ze lote atera duten merkatutik, Italiako agintariek hartutako neurriak eta beste aspektu batzuk.

Italiako agintarien arabera, kutsatutako produktuaren loteak ez dituzte EBra edota beste herrialde batzuetara esportatu eta gehiegizko dioxina mailak dituzten loteak Campaniako eskualdetik etorritakoak direla azpimarratu dute, ez Italiako gainerako lekuetatik.

Datuok emateko epea bukatu ondoren erabakiko du Euorpako Batzordeak ze pauso ematen dituen.

Kutsatutako loteak merkatutik ateratzea edota Campaniako eskualdetik etorritako mozzarellaren salmenta debekatzea erabaki lezake Bruselak, bozeramailearen esanetan, hala ere, ez du gerta litekeenari buruz "espekulatu" nahi izan.

Iturri berak agertu du ez dakiela Brusela Hego Korearekin eta Japoniarekin harremanetan dagoen. Bi herrialdeok produktu horren inportazioa behin behinean etetea erabaki dute.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta