logo de eitb24
2008ko maiatzak 15 | 21:33:00
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Ekonomia

EUSKADI IRRATIAN ELKARRIZKETA

"Borondaterik bada" kutxen arteko fusioa izango dela esan du Iturriotzek

2008/03/27

Kutxa bakoitzeko batzar orokorraren eraketa berriak eragin zuzena izango du kutxen fusioan, Kutxako zuzendariaren ustez. Ekonomiaren egoera zaila onartu eta iazko emaitzei eusteko lanak izango dituztela aitortu du.

Jesus Mari Iturriotz Kutxako zuzendari nagusiak, besteak beste, EAEko hiru kutxen (BBK, Kutxa eta Vital) arteko fusioaz hitz egin du, Euskadi Irratian goizean egin dioten elkarrizketan. Bere hitzetan, "borondaterik bada" kutxen arteko fusioa "berandu baino lehen" egingo da. Dena dela, kutxa bakoitzeko batzar orokorraren eraketa berriak eragin zuzena izango du kutxen fusioan, Iturriotzen aburuz.

Oraindik, epeei buruz hitz egiteko goizegi dela eta hiru kutxen batzar berriak eratu arte ezin dela ezer aurreratu esan du. Hiru kutxetako presidenteek bakoitzak bere proiektua aurkeztuta duela adierazi du. Orain, eratzear dauden zuzendaritza-talde berrien esku ei dago etorkizunari buruz erabakiren bat hartzea.

Kutxak 2005-2010 Plana aurkeztu zuenean, ez zituela beste proiektuak aintzat hartu azpimarratu du, "fusioaren aukera oraindik mahai gainean jarri gabe genuelako". Iturriotzen hitzetan, gainera, kutxa bakoitzak bere "abiadura eta nortasuna" izan behar ditu, bestela "lo hartuko genuke eta atzeraka joango ginateke".

Aurreikuspenak

Kutxak egindako plangintzan jasota dagoenez, 2010 urtera arte 250.000 milioiko irabaziak espero dituzte. Orain arteko datuak ikusita, aurreikuspenak betetzen ari direla esan du, "aurreratuta goaz, gainera". Iaz, adibidez, 55 milioi eurotako irabaziak izan zituzten eta horri, Gizarte Arloan izandako 80 milioitako irabaziak gehitu behar zaizkio. Aurten ere, datu horiei eustea dutela helburu gaineratu du, baina ekonomiaren egoera zaila ikusita, lanak izango dituztela aitortu du.

Nazioarteko merkatua

Enpresa estrategia ere izan du hizpide Iturriotzek. Nazioartera begira jarrita daudela adierazi du. Frantzian eta Londresen jada bulegoak zabaldu ditu Kutxak, eta orain beste herrialde batzutan ditu jarrita begiak. Besteak beste, AEBetako eta Asiako hainbat herrialdetako merkatuak aztertzen ari dira.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta