logo de eitb24
2008ko maiatzak 15 | 21:31:08
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Mundua

'SKY WONDER'

Turkian enkailatutako ontziaren 1.300 turistak gaur ebakuatuko dituzte

2008/03/27

Itsas-bidaia antolatu duen enpresak hegazkinak bidali dituela eta bidaiariei dirua itzuliko diela iragarri du. Turistak (horietako lau nafarrak dira), ordea, ez daude ontzia berme barik uzteko prest.

Turkiako Kusadasi portuko badian astearteaz geroztik enkaiatuta dagoen ontzian dauden 1.300 turistak (gehienak espainarrak eta portugaldarrak baina lau nafar ere badaude) gaur bertan ebakuatuko dituzte, bidaia-ontziaren arduradunek jakinarazi dietenez. Gauean Madrilera eta Bartzelonara iristea espero dute.

Ontziko megafoniaz bidaiaiariei aditzera eman dietenez, itsas-bidaia bertan behera geratu da eta eguerditik aurrera (10:00 GMT) ontzian diren lagunak aterako dituzte Kusadasiko aireportura eramateko. Handik, euren jatorrira eramango dituzte. Nolanahi ere, Turkian 13:00etan zirenean (11:00 GMT) oraindik ontzian ziren turistak.

Hala, bidaiariak ez daude ontzia uzteko prest, ez behintzat euren jatorrira nola eramango dituzten idatziz jakin arte. Hala erabaki dute ontzian dauden 1.300 turistek bilkura egin ondoren. "Espainiara itzultzeko berme guztiak ez ditugun arte ez dugu ontzia utziko. Orain arte informazioa ez da zehatza izan", azaldu dute.

Pullmantur enpresak azpimarratu duenez, bestalde, bidaiariak arriskuan egon ez dira eta Kusadasi Turkiako herritik txangoak egin ahal izan dituzte.

Konpainiak adierazi duenez, hiru hegazkin bidali ditu jada Kusadasiko aireportura. Luis Avila enpresako giza baliabideen eta lege aferen zuzendariaren esanetan, Madrilera bi hegaldi egingo dituzte eta bestea Bartzelonara. 22:00etan helduko omen dira.

Enpresak dirua (900 euro batez beste) itzuliko die bezeroei eta "beste bidai bat egiteko %50eko deskontua" eskainiko die kaltedunei.

Lekuko baten testigantza

Jose Manuel Rodriguez kazetaria ontzian bertan dago eta telefonoz azaldu duenez, astearte goizaz geroztik daude Kusadasiko irlako kostalde aurrean geldituta.

Toki hori zen Istanbuletik Atenasera bidean astelehenean goizean goiz atera zen astebeteko itsas-bidaiaren lehen eskala. Turkian, Kusadasin eta Bodrumen egin behar zituen geldialdiak eta Grezian, Rodasen eta Patmosen.

Sky Wonder ontzi honek Aste Santuan ere arazoak izan zituen, izan ere, Atenas eta Istanbul artean egin behar zuen ibilbidea moldatu egin zuen bidaiariei ezer esan gabe. Turistek haserre hartu zuten neurri hori.

Iturri beraren arabera, Lusadasira hurbiltzen ari zirela, batez ere, Espainiako eta Portugalgo bidaiariak daramatzan ontzia portutik 300 metrotara gelditu zen eta handik gutxira, bi atoiontzi lotu zizkioten baina ezin izan zuten ontzia mugitu.

"Hasieran denboraleak atoiontziei lan egiten uzten ez ziela esan ziguten baina geroago, maniobretan" atoiontzietako "motoreak apurtu zirela azaldu ziguten", agertu du bidaiari honek.

Asteazken goizean beste bi atoiontzi ontzia portura hurbiltzen saiatu ziren baina ezin izan zuten. "Une horretan hasi ginen pentsatzen ontzia enkailatuta zegoela", esan zuen bidaiariak. Mario Pires ontziko hoteleko zuzendariak eta Pullmantur bidaia agentziak berak, ordea, ukatu egin omen zieten informazio hori. Ontzia geldi eguraldi txarraren ondorioz dagoela esan diete.

Hala ere, Jose Manuel Rodriguezen esanetan, eguraldia ez da txarra. Haren esanetan, ostegun honetako 02:30ean (01:30ak Euskal Herrian) ontzia atoian eramateko beste saiakera bat egin zuten baina ezin izan zuten Sky Wonder mugitu.

Sky Wonder bidaia-ontziaren egoerari dagokionez, ontzia ateratzeko lanetan daudela agertu du Pullmanturrek: "Atoiontziak eta itsas salbamenduko hainbat ontzi ari dira lanean" eta litekeena da beharrok gaur bertan bukatzea.

Albiste hau promozionatu:


Bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta