2008/03/26
Jose Luis Martík esperientzia asko bildu ditu futbolean. Erdilari txuri-urdinak taldeak bizi duen egoera berriari buruz mintzatu nahi izan du. Bere ustez, nahiz eta taldeak azkeneko bi partidak galdu, “bizirik” daudela adierazi du. “Aukera guztiak ditugu oraindik ere mailaz igotzeko. Ilusio asko daukagu jarrita, eta jokoari dagokionean, oso bolada onean gaude” adierazi du.
Realeko erdilariak aldagela mentalki eta fisikoki “indartsu” dagoela gogoratu du. Hori bai, helburua lortu nahi horretan antsietate puntu bat duela uste du. “Zaleen artean eta baita gure artean ere, igotzeko ilusioa ikaragarria da eta horrek beharbada, puntuak beti hirunaka batzera bultzatzen gaitu. Beti, ordea, ezin da hirunaka batu, eta beharbada irabazi nahi horrek azken minutuetan galtzera eraman gaitu. Dena den, uste dut taldeak orohar tentsio puntu hori ondo menderatzen duela uste dut”.
Xabi Castillok, bere aldetik, aurreko larunbatean partida bateko zigorra bete ondoren igande honetan berriz ere jokatzea espero du. Azkeneko bi porrotek taldean zer eragin izan duten galdetu zaio. “Gu lasai gaude. Lehen bolada onean geundenean ez ginen horren onak, eta orain bi partida galdu ondoren ez gara horren txarrak, besteak beste, ez dugulako bi neurketa hauek galtzea merezi izan. Garrantzitsuena hor gaudela da, eta 36 puntu jokatzeke daudela”.
Castillok zigorra kunplitu du eta taldera bueltatzeko aukerak ditu. "Horretarako lan egiten dut", adierazi du ezker hegaleko jokalariak, baina argi du entrenatzailearen erabakia izango dela. Taldea ondo ikusten du: "Taldean lasaitasuna ikusten dut. Lehenago ez ginen hain onak baina orain ezta hain txarrak. Garrantzitsuena hor gaudela da eta 36 puntu falta dira oraindik".