2008/03/26
Gaur arratsaldeko erdialdean Arabako Urrunagako urtegiko uhateak ireki dituzte, azken 20 urtetan lehen aldiz, eta segundoko 20 metro kubiko ur askatzen ari dira.
Guztiz kontrakoa gerta liteke Ullibarriko urtegiarekin. Atzo hasi ziren presa husten (segundoko 20 metro kubiko), baina Zadorra ibaiak aurki gainezka egiteko arriskua dagoenez, gauean edo goizaldean uhateak berriz ixteko erabakia har dezakete.
Azken egunetako euriteek eraginda, gehienezko edukieratik gertu daude Zadorrako urtegiak (Ullibarrikoa %89an dago eta Urrunagakoa, %93an, biek ala biek Gasteiz eta Bilbao hornitzen dituzte urez). Egoera horren aurrean, jarraipen etengabea egin du Zadorrako urtegien jarraipenerako mahaiak eta eguerdiko bileran hartu du Urrunagako urtegia husteko erabakia. Egoera "apartekoa" dela eta azken 20-25 urteetan halakorik egin ez dela azpimarratu du Tomas Epalza Uraren Euskal Agentziako zuzendari eta mahaiko arduradunak.
Abisua eman diete Urrunaga, Luko, Urbina, Amarita eta Mendibil herrietako bizilagunei
Urrunaga husteko Santa Engrazia ibaia erabiliko dute. Emari gutxiko ibaia da, Zadorrarekin Gasteizen bat egiten duena. Uhateak zabalduta, litekeena da emaria dezente handitzea eta, horregatik, ibaia zehartzeko orduan tentuz ibiltzeko gomendioa eman diete Urrunaga, Luko, Urbina, Amarita eta Mendibil herrietako bizilagunei.
Bestalde, Urrunagan ura turbinatzen eta argindarra sortzen jarraituko dute baina ur hori ez dute Zadorrara isuriko. Zadorra ibaiak segundoko 70 metro kubiko har ditzake gehienez jota eta, Urrunagako eta Ullibarriko husteen ondorioz, 20 metro kubiko hartu beharko ditu segundoko. Hala, ibaiak gainezka egiteko arriskua dago. Hori horrela, bailiteke Ullibarriko uhateak ixteko erabakia hartzea.
Bizkaian eta Gipuzkoan atzo baino lasaiagoa da egoera. Dena dela, Donostialdea urez hornitzen duen Añerbeko urtegiak ere uhateak zabaldu ditu arratsaldetik aurrera iragarri dituzten euri-jasei aurre egiteko.
Hala ere, Añarbeko gehiegizko uraren kanporatze naturala gaur arratsaldean bukatu da. Dena dela, ura Urumeara botatzen jarraitzen dute, ibaiak onartzen duen bitartean.
Komunikatu batean Añarbeko Urek azaldu dutenez, atzo hasi zen ura ateratzen, uhateak zabaldu barik, 01:04ean, eta gaur bukatu dute lan horrekin, 16:30ean.
Añarbeko Uretako ordezkariek ohar bidez jakinarazi dutenez, urtegia 01:00etan bete da erabat. Ordutik aurrera modu naturalean hasi da husten. 09:00etan, ordea, presa hondoko hustubidea zabaldu dute.
CHEk ur-emarien informazio eguneratua eskaintzen du www.saihebro.com helbidean. Orri horretan, ur-emariaren datuak kontsulta daitezke, ordu errealean eta datuak berritu egiten dira iragarpen meteorologiko berri bat dagoen bakoitzean.
Alerta elurragatik EAEn
Arratsalderako denboralea iragarri dutela eta, Nafarroak alerta egoeran jarraitzen du. Puntu okerrena Castejonen dago, bertan elkartzen dira eta Ebro, Arga eta Aragon ibaiak.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, asteazken honetan gogotik egingo du euria, arratsaldetik aurrera. Metro kuadroko 50 litro bota ditzake Kantauri isurialdean eta 20 litro, berriz, lautadan. Gainera, haizea bizi ibiliko da eta elur-kota 800-1.000 metrora jaitsiko da gauerako.
EAE alertan dago datozen orduetan botako duen elurragatik. Barne Ministerioko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritzak horren abisua luzatu die agintariei, Estatuko Meteorologia Agentziaren iragarpenak jakin ondoren.
Iragarpen horren arabera, 10 zentimetro elur pilatuko dira 600 metrotik gorako tokietan, Araban, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdean.
Gainera, Nafarroako Pirinioetan ere elurra botako du, eta 20 zentimetro pilatuko dira.
Kontsultatu eguraldiari buruzko albisteak, ikus ezazu eitb24en argazki-galeria, eta bidali zure argazkiak eguraldiblogera eta bideoak ZUkazetarira.
Euskadi Irratiko azken albistegia