2008/03/25
Josep Antoni Duran Lleida CiUk Kongresuan duen eleduna eta Josu Erkoreka EAJren bozeramalea Ganbera horretan Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bilduta izan dira gaur arratsaldean.
EAJk Bono Kongresuko presidente izateko babesa emango luke, baina baldintzekin
EAJk PSOEri esan dionez, ez luke eragozpenik jarriko Jose Bono Kongresuko presidente izateko babesa emateko, Ganberetako gobernu organoen osaeraren inguruan akordio bat lortzekotan. Akordio horretan EAJk behar den moduan ordezkatuta dagoela ikusi beharko luke eta, horretarako, Kongresuko Mahain toki bat izan beharko luke, eta beste bat Senatukoan.
Hori da gaur arratsaldean Josu Erkoreka EAJk Kongresuan duen eledunak azaldu duena, Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bilduta egon ondoren. Gorte Nagusietako osatze saioa prestatzeko negoziazio horien arduraduna da Blanco.
Erkorekaren hitzetan, PSOEk ondo ikusten du EAJ Ganbera bietako Mahaietan sartzea, baina sozialistek horretarako zailtasunak daudela adierazi diotela onartu du, horretarako, dagozkion tokiak galdu beharko lituzkeelako PSOEk.
"Puzzle zaila osatu behar da hemen, ez Mahaietan bakarrik, batzordeetan ere", esan du Erkorekak. Datorren astean Blancorekin negoziatzen jarraituko du.
CiUren iritziak
Josep Antoni Duran Lleida CiUk Kongresuan duen eledunaren hitzetan, Gorteetako Mahaien osaerari buruz PSOErekin gaur arratsaldean izandako negoziazioak "ondo bideratuta" daude, baina "oso iritzi desberdintasun garrantzitsuak" daude Jose Bono Beheko Ganberako presidentetzarako babesa ematearen inguruan.
Kongresuan Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bilduta egon ondoren, Duranek ez du argitu Bonoren bozketan CiUk abstentzioaren alde egingo duen, baina espresuki babesa ez diola eman nahi adierazi du. Hortaz, federazioaren zuzendaritza izango da jarrera zein izango den esango duena, datorren astelehenean.
Duranek Blancorekin izandako elkarrizketa giro positiboan izan dela azpimarratu du, eta baita PSOEk kargu bi CiUko ordezkarien esku utziko dituela Kongresuko eta Senatuko Mahaietan ere. Halaber, Beheko Ganberan batzorde presidentetza bi eta Goikoan beste bi emango dizkio PSOEk, aurreko legealdiko egitura mantenduta.
Gainera, Zapateroren inbestiduraren babesaren inguruan ez dutela hitz egin adierazi du Duranek, orain dagoen helburua Gorteetako Mahaien osaerari buruzko akordio bat lortzea delako.
Zehaztu duenez, Bono Kongresuko presidente izatearen inguruan ere ez da akordiorik izan. Ildo horretan, PSOEren eta CiUren artean "oso iritzi desberdintasun garrantzitsuak" daudela baieztatu du Duranek.
Ezberdintasun horiek gainditzeko, beste bilera bat izango dute Blancok eta Duranek datorren astelehenean, egun horretan CiUk behin betiko jarrera izango baitu.
Euskadi Irratiko azken albistegia