2008/03/25
Basorak azken hilabeteotako istilu gogorrenak bizi ditu Muktada al Sadr milizia eta irakiar armadaren arteko borrokaldiak direla eta.
24 orduko etxeratze-agindua ezarri dute militarrek eta, bitartean, Irakeko Gobernuko segurtasunerako arduradunek hiriko barruti batzuetan segurtasun harresiak eraiki dituzte. Basora Irakeko bigarren hiririk handiena da eta Bagdadeko hegoaldetik 550 kilometrora dago.
Poliziak jakinarazi duenez, "Basora gainetik ke beltzeko zutabe handiak daude eta tiroak entzun daitezke hiriko edozein tokitik".
Borrokaldietan morteroak, metrailadore astunak eta bazookak erabiltzen ari dira eta milaka soldadu eta miliziarrek hartzen dute parte. Bagdaden dagoen kazetari batek azaldu du tropa irakiarrek hiriko erdigunean dauden Al Hajanija eta Al Jumhurija barrutiak inguratu dituztela.
Muktada al Sadren aldeko miliziarrek atzo hasi zuten desobedientzia kanpaina Gobernuko lehen ministroaren aurkako protestaldia egiteko. Nuri al Maliki ministroak miliziaren tratu txarrengatik jasotako salaketen aurrean erantzuteko eskatu zuten protestaldietan.
Bestalde, Ahmed al Ali (Muktadaren bulegoko bozeramaileak) Al Jazeera egin dituen adierazpen batzuetan Mahdiren Armada hautsi nahi izatea leporatu dio Maliki ministroari.
Poliziak azaldu du Irakeko Armadaren 14. dibisioari eraso egin diote, zantzu guztien arabera, Muktadaren miliziaren eskutik.
Oraindik jakiteke daude borrokaldiaren arrazoiak, baina, hala ere, Poliziako goi-kargua Malikik hirian zeuden elementu kriminal guztiak ezabatzeko agindua eman zuenetik sortu zirelakoan daude.
Hala, Basorako segurtasuneko arduradun nagusiak euren karguetatik kendu dituzte Abdelyalil Jalaf Hiriko Poliziako zuzendaria barne.
Britainia Handiko indarrek iragan urte amaieran Basoratik alde egin zutenetik, hiru milizia etsaiek kontrolatzen dute hiria: Mahdiren Armada, Islamiar Kontseilu Gorenak duen Badr Brigadak eta Fadhilak.
Muktada al Sadren miliziak Bagdadeko petrolio putzuei su emateko mehatxua egin du
Mahdiren Armadak Irakeko Gobernuak azken egunotako erasoak gelditu ezean, petrolio putzuei su emango diela mehatxatu du.
Hariz Azari jekeak esan duenez, "putzuak irakiarrenak dira, eta beraz, oso aukera zaila izango litzateke putzuoi su ematea, baina aukera aztertuko dugu Gobernuak kanpaina honekin jarraitzen baldin badu".
Euskadi Irratiko azken albistegia