logo de eitb24
2008ko abuztuak 30 | 02:42:34
Albisteen eta informazioaren euskal kanala

Gizartea

EURIAK ARAZOAK SORTU DITU

Emakume bat larri zauritu da A-8n, Mendaron, gertatutako istripuan

2008/03/25

Beste emakume bat arin zauritu da errepide berean gertatutako beste istripu batean. Lur-jausiek eraginda, gainera, etenda dago Elgoibar eta Usurbil arteko tren zerbitzua. Euskal Herriak alerta egoeran jarraitzen du.

Euria arazo ugari sortzen ari da Aste Santuko oporretatik bueltako lehen egun honetan. Istripurik larriena A-8 errepidean gertatu da gaur goizean, Mendaro parean, Elgoibarretik gertu eta Bilborako noranzkoan. Bertan, lagun bat larri zauritu da, Herrizaingo Sailak eitb24.com-i jakinarazi dionez.

Emakume bat da zauritua. Oraingoz argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, istripua izan du Iztiña tunelaren barnealdean Honda HRV bere autoarekin goizeko zortziak aldera.

L.A.P. Donostiako bizilaguna larri zauritu da eta ospitalera eraman dute. Ibilgailua erreietako batean geratu da eta zirkulazioa etenda egon da tunelaren barnealdean.

Horrez gain, pertsona bat zauritu da A-8 errepidean, Muskiz parean, Donostiarako noranzkoan.

Bestalde, auto-ilara handiak izan dira Donostia inguruetan. Batetik, Gipuzkoako hiriburuaren saihesbidean, A-8an, istripua gertatu da Belodromo parean eta errei bat itxita egon da Irunerako noranzkoan auto baten eta kamioi baten talkaren ondorioz.

Gidaria arin zauritu da; bere autoa errepidetik atera da eta ondoren, kamioi batek jo du. Ezbeharraren ondoren, auto-ilarak gertatu dira, bi eta hiru kilometrora artekoak, 09:05era arte. Ordu horretan normaltasunez ibili da zirkulazioa.

Istripu ugari gertatu dira gaur goizean

Gaur goizean istripu asko eta asko gertatu dira, batez ere, Gipuzkoako errepideetan.

Autobide horretan bertan, Donostia inguruan, A-8 eta N-1 lotzen diren tokian, Igara parean, txapa istripua gertatu da eta han ere auto-ilarak egon dira.

N-1en, Andoain eta Lasarte artean, Irunerako noranzkoan ere ilarak izan dira. Txapa istripua gertatu da inguru horretan.

Nafarroako errepideetan ez dago arazo aipagarririk. Foruzaingoaren arabera, zenbait lur-jausi gertatu dira mendiko errepide batzuetan euriteen ondorioz baina ez dago arazorik.

Bestalde, gogora ekarri dute ibaiek ur asko daramatzatela baina horrek ere oraingoz ez duela arazorik sortu agertu dute.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta