2008/03/23
Milaka lagunek hartu dute parte Aberri Egun honetan, Nazio Eztabaidaguneak Irundik Hendaiara antolatutako martxa "batuan".
Herritar soilez gain, bertan izan dira Eusko Alkartasuneko, Aralarreko, Batasuneko, ANVko, EHAK-ko, ELAko eta LABeko ordezkariak ere.
Ekitaldi nagusian independentzia aldarrikatu dute eta agenteek "dituzten ezberdintasunak gainditu" eta "komunean dituzten puntuan gaineko batasuna" eskatu dute.
11:30ean hasi da martxa Irungo Ficobatik, ikurriña handi baten atzetik. Oinezkoan artean ziren, besteak beste, EAko Maiorga Ramirez, Aralarreko Jon Abril eta Ainhoa Beola, ANVko Arantxa Urkaregi eta Kepa Bereziartua, EHAK-ko Nekane Erauskin eta Batasuneko Tasio Erkizia eta Josetxo Ibazeta. Han izan dira, baita ere, Rafa Diez Usabiaga LABeko idazkari nagusi ohia eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi ezker abertzaleko buruzagi historikoa.
Hendaiara iritsitakoan, manifestazioa egin duten 'Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde' loloa zeraman pankartaren atzean, eta ondoren, Gaztelu Zahar frontoian garatu da ekitaldi politikoa.
Manifestua
Abel Ariznabarreta Nazio Eztabaidaguneko kideak irakurri du independentziaren alde eta Euskal Herria nazio gisa onartzearen alde egin duen manifestua.
Espainiako eta Frantziako estatuek "katea moztu nahi dute, ahotsa isilarazi" esan du eta "nazio gisa bizitzeko, lan egiteko eta sentitzeko eskubidea ukatzen zaigu. Gure etorkizuna nazio gisa erabakitzea debekatzen zaigu eta garena izateagatik zigortzen gaituzte, kartzelaratzen gaituzte eta gutxiesten gaituzte, baina alferrik da" ohartarazi du.
"Debekuaren aurrean, zigorraren aurrean, milaka euskal herritarrek eraikuntza nazionalean jarraitzea erabaki dute", "eraso eta kriminalizazio guztien gainetik euren euskal identitatea aldarrikatzen baitute" adierazi du.
Ariznabarretak esan du iritsi dela garaia "munduan nazio gisa dagokigun tokia lortzeko "eta "eskubide guztiak bermatzeko". "Une horretan gaude eta ez dago atzera bueltarik" amaitu du.
Interbentzio horren ondoren, Ixabel Etxeberria Udalbiltzako ordezkariak hartu du hitza eta euskal herritarrek euren instituzio propioak izatea beharrezkoa dela esan du. Hala, hautetsi berriei horren alde lan egiteko eskatu die.
Euskadi Irratiko azken albistegia