2008/03/23
Aberri Eguna izan ohi dugu Euskal Herrian Pazko igandean, eta gaur ere hala izan da, eguraldi txarraren pean izan bada ere. Beti izan da Aberri Egun batuaren ametsa, baina aurten ere ez da horrelakorik izango. Hiru deialdi daude eginak. Bilbon, Gernikan eta Bidasoaren inguruetan bilduko dira euskal abertzaleak.
Eusko Alderdi Jeltzaleak, Bilboko Plaza Berrian ospatu du Aberri Eguna. Eguerdiko hamabietan hasi den ekitaldi politikoan Juan Jose Ibarretxe lendakariak eta Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hitz egindute.
Urkulluk PSOErekin eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin "akordio berezi bat sinatzeko" prest dagoela adierazi du, nahiz eta EAk eta ETAk "Euskadi saltzea" leporatu.
Gainera, alderdi jeltzaleko presidenteak hauteskundeek ondoeza eragin dietela onartu eta EAJ negoziatzeko prest dagoela baieztatu du. Dena dela, Urkulluk esan duenez, EAJ ez dago prest "beherapenetako akordio bat" edo "estatutu murriztu" bat sinatzeko.
Urkulluren arabera, EAJk baiezko erantzuna entzun nahi du Zapaterorengandik.
Eusko Alkartasunak, berriz, Gernikako Merkatu Plazan izan du ekitaldi politikoa ordu berean. 12:00etatik aurrera, Joseba Azkarraga idazkari nagusiak eta Unai Ziarreta presidenteak hitz egin dute EAren mitinean.
Estatuarekin "akordio murriztuetara" heltzeko Eusko Alkartasunak "malgutasunik" onartuko ez duela azpimarratu du Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusiak. "Malgutasuna bai, akordiora heltzeko aukera badago, baina malgutasun hori akordioaren esparrua murrizteko erabiltzen bada, orduan ezetz esango dugu. Orain akordio murriztuetara heltzea euskaldunen hurrengo belaunaldia hipotekatuko luke", azpimarratu du idazkari nagusiak.
Bestalde, "boterean mantentzeko" xedearekin, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ezarritako ibilbide-orriarekin hartutako konpromisoak "alde batera uztea" leporatu die EAJri eta EBri Unai Ziarreta EAko presidenteak.
Era berean, Euskadi burujabe bat lortzeko erabakitzeko eskubidea defendatzen jarraituko dutela gaineratu dute.
Akordio bat lortzeko Espainiako Gobernuari "eskua eman" zaiola adierazi du Azkarragak eta horretan "ekingo" dutela nabarmendu du, "baina ez betirako, ezarritako epea agortu arte soilik".
Nazio Eztabaidaguneak deitutako ekitaldia izan da goiztiarrena. 11:30ean abiatu da Irundik ibilaldia eta Hendaian bukatu da ekitaldi politikoarekin. Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Abertzaleen Batasunak, Batasunak, ANVk, EHAK-k, LABek eta ELAK egin dute bat Nazio Eztabaidagunearen deialdiarekin.
Abel Ariznabarreta Nazio Eztabaidaguneko kideak irakurri du independentziaren alde eta Euskal Herria nazio gisa onartzearen alde egin duen manifestua.
Espainiako eta Frantziako estatuek "katea moztu nahi dute, ahotsa isilarazi" esan du eta "nazio gisa bizitzeko, lan egiteko eta sentitzeko eskubidea ukatzen zaigu. Gure etorkizuna nazio gisa erabakitzea debekatzen zaigu eta garena izateagatik zigortzen gaituzte, kartzelaratzen gaituzte eta gutxiesten gaituzte, baina alferrik da" ohartarazi du.
"Debekuaren aurrean, zigorraren aurrean, milaka euskal herritarrek eraikuntza nazionalean jarraitzea erabaki dute", "eraso eta kriminalizazio guztien gainetik euren euskal identitatea aldarrikatzen baitute" adierazi du.
Aralarreko ordezkariek beharrezkotzat jo dute Aberri Eguna ospatzea, "oraindik nazio gisa erabakitzeko eskubiderik ez" duelako Euskal Herriak eta beste alderdiei eskakizuna egin diete, benetako "baturaren" alde egin dezatela.
Euskadi Irratiko azken albistegia