2008/03/11
Lehen aldiz, garestiagoa da erregai-tanga gasolioz betetzea. Merkeen dagoen gasolina baino 2,2 zentimo garestiagoa da gasolio merkeena. Hala, batez beste, 2-3 zentimo gehiago balio du gasolioak.
Adibide gisa, Bilbo inguruko gasolina-zerbitzugunean aurkitutako prezioak: gasolio litroa 1,12 eurotan da eta berunik gabeko 95 oktanoko gasolina, 1, 10 euro litro bakoitzeko. Alegia, bi zentimoko aldea dago bien artean.
Urtea hasi denetik, erregaien prezioak nabarmen igo dira: gasolioa %21 garestitu da; gasolinaren prezioak ere, pixka bat gutxiago, baina gora egin du (%13).
Igoerak eragin zuzena izan du garraioan, nekazaritzan eta arrantzan, baina baita herritarren poltsikoan ere.
Brent upelak beste marka bat erdietsi du
Garestitzeak petrolio upelaren prezioaren etengabeko igoera du oinarri. Gaur bertan, Brent upelak (Europan erreferente da) errekor berria erdietsi du Londreseko merkatuan, 105,81 dolarretan salduta.
12:00ak aldera harrapatu du marka apirilean entregatzeko upelak, gero, baina, behera egin du (105,50 dolarretan kotizatu du).
Hornikuntzan egon daitekeen eskasiak eta dolarraren ahultasunak eragin dute igoera, adituen arabera.
Bestalde, Energiaren Nazioarteko Agentziak eguneko 80.000 upel gutxiago eskatuko dituela iragarri du, hau da, 87,5 milioi upel eguneko. Petrolioaren merkatuari buruz egindako hileko txostenaren arabera, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen barruan diren herrialdeek egindako eskariaren murrizketari zor zaio erabaki hau.
Euroa ere markarik marka dabil azkenaldian. Gaur 1,55 dolarren truke saldu da Frankfurteko dibisen merkatuan.
Euskadi Irratiko azken albistegia