2008/03/08
Isaias Carrasco ETAk hildako zinegotzi sozialista ohiaren hil-kapera gaur goizean ireki dute berriro, gauez itxita egon eta gero.
Militante sozialistek sartu zuten bart hilkutxa Udaletxean, bildutakoen txalo artean. Besteak beste, Patxi Lopez, Jesus Eguiguren eta Miguel Buen PSE-EEko kideak eta PSOEko Jose Blanco eta Jose Luis Rodriguez Zapatero zeuden bertan, Carrascoren familiarekin batera.
Candido Mendez UGTko idazkari nagusia ere hil-kaperan izan zen, Carrasco sindikatu horretako kidea baitzen.
Gero, Mariano Rajoy PPko burua heldu zen, Maria San Gil Euskadiko PPko buruak eta hainbat zuzendari popularrek lagunduta.
Arrasateko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan jarrita dago hil-kapera, hildakoaren familiak hala eskatuta. Sozialistek sendiaren eskaera aurkeztu zuten, eta Bozeramaileen Batzordeak oniritzia eman zion, ANVk aurka bozkatuta.
Hileta, 17:00etan
Isaias Carrascoren aldeko hileta-elizkizuna 17:00etan egingo dute, San Joan Bataiatzailearen elizan.
Lehenago, 12:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte hilketa salatzeko. Arrasateko ekitaldia lehendakariak deitu du; gainerakoak, aldiz, Eudelek.
Gaitzespen testua
Bestalde, Bozeramaileen Batzordeak gaitzespen testu bat onartu zuen atzo. "ETAren hilketa doilorraren aurrean" gaitzespen "irmoa" agertu eta gaur eguerdirako elkarretaratzea deitu zuten udaletxearen aurrean. Era berean, datorren astelehenerako, 19:00etan, manifestazioa ere antolatu zuten. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bi ekimenetan parte hartuko duela iragarri dute.
Nolanahi ere, PSEk "adostasuna lortze aldera" bi puntu erretiratu zituen bere hasierako proposamenetik. Horietako batean, Ino Galparsoro alkateak udaletxea uztea eskatzen zuen, haren presentzia "lotsagarria" zelakoan. Bestean, euskal presoen euskal herriratzea aldarrikatzen duen pankarta udaletxeko fatxadatik erretiratzea eskatzen zuen.
Ino Galparsoro Arrasateko alkateak (EAE-ANV) 18:00etarako deitu zuen Bozeramaileen Batzordearen bilera, Isaias Carrasco PSEko zinegotzi ohiaren hilketaren ostean. Alkatea Deba Garaiko Ospitalera (Arrasate) joan zen. Aurreko legegintzaldian PSEren zinegotzi izan zen Carrasco, baina egun enpresa pribatuan egiten zuen lan.
Arrasateko udala ANVk zuzentzen du, zazpi zinegotzirekin; PSEk eta EAJk launa dituzte; EBk eta EAk hiruna; eta PPk eta Aralarrek bana.
Tentsio uneak hil-kaperan
Atzo gauean tentsioz beteriko uneak bizi izan zituzten Isaias Carrascoren hil-kaperan egon zirenek. Izan ere, Mariano Rajoy eta Maria San Gil PPko buruzagiek hildakoaren senideei doluminak ematera joan izanak hautsak harrotu zituen sozialisten artean.
Rajoy Patxi Lopez EAEko sozialisten buruarengana hurbildu eta dolua adieraztean, indarkeria eta biktimak alderdi sozialistaren kontra berriz ez erabiltzeko eskatu zion Lopezek, gaur bere blogean jakinarazi duenez. Horrek tirabira handia sortu zuen popularren eta sozialisten artean.
Lopezen hitzak entzutean honakoa erantzun zion Maria San Gilek: "ez da bidezkoa, doluminak ematera joan gara", eta sozialistak esan zion bidezkoa ez dena "lau urtez jasan behar izan duguna" dela.
Geroago, Carrascoren sendiak berak erabaki zuen ez zituela buruzagi popularrak hartu nahi ez hil-kutxara hurbil zitezen.
Euskadi Irratiko azken albistegia