Mundua

CORREA-CHAVEZ

Kolonbiaren jarrera "gogor gaitzesteko" eskatu dio Ekuadorrek nazioarteari

2008/03/06

Rafael Correa gustura agertu da OEAren ebazpenarekin, Kolonbiak Raul Reyes hil zuen operazioan Ekuadorren subiranotasuna bortxatu zuela adierazi baitu. Uribek horrelako operaziorik ez errepikatzeko konpromisoa hartu du.

Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak esan du bere gobernua ez dela "lasai geratuko" nazioarteko komunitateak Kolonbiaren jarrera "gogor gaitzetsi" arte, Ekuadorren "subiranotasuna bortxatzeagatik".

Caracasen Hugo Chavez Venezuelako presidentearekin bildu ondoren, OEAren ebazpenarekin gustura agertu da Correa, Kolonbiak Ekuadorren subiranotasuna "bortxatu" zuela adierazi baitu, baina auzia ez dela amaitu ohartarazi du.

"Aukera diplomatiko guztiak agortzen ari gara erasotzailea (Kolonbia) gaitzetsi dezaten, baina nazioarteko komunitateak ez badu baldintzarik gabe, garbi, gaitzesten erasotzailea, Ekuadorrek jakingo du nola erantzun jasandako erasoari" esan du Correak.

Bi herrialdeen arteko krisia, Venezuelara ere iritsi dena, Kolonbiako militarrek Ekuadorreko lurretan zegoen FARCen kanpamendu bati egindako erasoarekin hasi zen. Operazio horretan Raul Reyes FARCeko 'bigarrena' eta 20 bat gerrillari hil zituzten militar kolonbiarrek Ekuadorreko lurretan sartuz.

Uribek horrelako operaziorik ez errepikatzeko konpromisoa hartu du

Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak esan du aurreko larunbatean FARCeko 'bigarrena' hil zutenean bezalako operaziorik "ez errepikatzeko" konpromisoa hartzen duela baina bere herrialdeari erasorik ez egiteko eta "terroristei babesik ez emateko" exijitu du.

Gaur gauean Nariño Jauregian, Presidentziako egoitzan, Kolonbiako komunikabideetako zuzendariekin eta nazioarteko agentzietako kazetarien egindako bilera batean, OEAren ebazpena onartzen duela eta ardura guztia bere gain hartzen duela esan du.

Ondoren, herrialdeen artean "zintzotasuna" eskatu du eta "irtenbide diplomatiko" baten alde egin du.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta