2008/03/05
Venezuelaren, Kolonbiaren eta Ekuadorren arteko ezikusiak bere horretan dirau. Kolonbiak, Ekuadorreko lurretan sartuta, Raul Reyes FARCeko buruzagia eta beste 20 gerrilari hil zituenetik ez da giro herrialdeen artean. Euren artean ez ezik, Ameriketako Estatuen Erakundea (AEE) ere krisiaren inguruko adierazpena onartu ezinda dago, Kolonbiaren eta Ekuadorren iritzi kontrajarriak tarteko.
Gaurkoa egun seinalatua izan daiteke, Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak Hego Amerikatik bira hasi behar baitu, hainbat buruzagirekin biltzeko. Hugo Chavez Venezuelako presidentea da denetan aipagarriena (bilera 23:30 GMT hasiko da). Aurrez, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo eta Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteekin du egina hitzordua Correak.
Ondoren, Panama bidean jarraituko du, Nikaragua pasatuta, Rioko Taldearen Goi-bileran izateko (Santo Domingo izango da, ostiraletik aurrera).
Brasiliara heltzean Kolonbiaren kontrako hitz gogorrak izan ditu Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak. Esan duenez, FARCen aurkako erasoan ekuadortarren bat hil izan balitz, "gerran egongo ginateke jada".
Horren ildoan, Kolonbiari barkamena eskatzeko eta nazioarteari ekintzaren gaitzespen irmoa galdegin ditu. Haren esanetan, "pozik geratzeko" Ameriketako Estatuen Erakundeak (AEE) "gaitzespen kategorikoa" onartu beharko du baina, hori gorabehera, Kolonbiarekiko harremanak "apurtuta" jarraituko dutela agertu du.
Harremanok Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak "barkamena eskatuta eta berriz egingo ez duela hitz emanda" berrartuko lituzketela adierazi du Correak, baina hori "nekez gertatuko" dela onartu du.
Ekuadorreko presidentearen esanetan, erasoa "urrunetik gidatutako bonbekin" egin zuen Kolonbiak eta, haren ustez, armok "beste herrialde batenak ziren. Denok dakigu zeinenak" (AEBei erreferentzia eginda). Correak azpimarratu duenez, Uribek "ez du bakea nahi, gerra nahi du" eta "eskuak odolez zikinduta ditu". Baieztatu duenez, Kolonbiako presidenteak "bazekien" Ekuador Ingrid Betancourt askatzeko negoziazioetan zegoela.
Akordiorik ez AEEren baitan
Sei orduz bilduta egon ondoren, Kolonbia-Ekuador gatazkaz adierazpena onartzeko bilera bertan behera utzi behar izan du Ameriketako Estatuen Erakundearen (AEE) Batzorde Iraunkorrak, bi herrialdeen arteko iritzi kontrajarriak tarteko. Bilerari bihar ekingo diote, 11:00etan hasita (16.00 GMT).
Camilio Ospina Kolonbiako enbaxadoreak nabarmendu duenez, "aurrerapen handiak" lortu dituzte baina "zoritzarrez, zenbait kontu ez ziren nahikoak izan Ekuadorrentzat".
Maria Isabel Salvador Ekuadorreko kantzilerraren iritzian, ordea, Kolonbiak "bereari eutsi dio eta erabat itxita dago". Krisiari aurre egiteko adierazpen bateratua lortu ez izana deitoratu du Ekuadorrek.
Beste herrialde batzuek bien arteko negoziazioetan bitartekari lanak egin badituzte ere, ezerezean geratu da esfortzua. Herrialde gehienek Kolonbiak gaizki jardun zuela uste dute eta Ekuadorren lurraldetasuna eta subiranotasuna "bortxatu" zuela. Beste batzuek, AEBak tarteko, ez dute jarrera hori adierazpenean sartu nahi izan.
Euskadi Irratiko azken albistegia