Mundua

GATAZKA DIPLOMATIKO LARRIA

Krisi handia piztu da Kolonbian, eta Ekuadorren eta Venezuelaren artean

2008/03/03

"Gerra baten hasiera izan liteke Hegoamerikan", esan du Chavezek Kolonbiako Armadak Ekuadorren FARCeko 'bigarrena' hil eta gero. Jesus Torquemadaren iruzkina eitb24.com-en.

Kolonbiako Armadak "Raul Reyes" FARCeko zuzendaritzako bigarrena hil zuen ostiral gauean Ekuadorren, eta horrek gatazka diplomatiko handia piztu du Kolonbiaren eta Ekuadorren eta Venezuelaren artean.

Kolonbiak Ekuadorren operazioa egin eta gero, Rafael Correa ekuadortar presidenteak bere enbaxadorea Bogotatik atera eta gogor kritikatu du Alvaro Uribe Kolonbiako presidentea.

Gainera, Ekuadorrek eta Venezuelak soldaduak bidali dituzte Kolonbiako muga zaintzeko.

Izan ere, bi herrialdeen ustez, Uribek agindutako operazioa "gerra deklarazioa" izan da. Bogotako Gobernuak, baina, ez duela Ekuadorreko subiranotasuna "urratu" ziurtatu du.

Quiton eskainitako prentsaurreko batean, Rafael Correa Ekuadorreko presidenteak "Raul Reyes" hil duen operazioaren inguruan gezurra esatea egotzi dio Uriberi.

Handik eta gutxira, Hugo Chavez Venezuelako presidentea Correaren alde agertu da "Alo presidente" bere telebista saioan, eta gertatutakoa "oso larria" izan dela esan du. "Gerraren hasiera izan liteke", ohartarazi du.

Venezuelako estatuburuak "hilketa koldartzat" jo du operazioa eta Reyes "iraultzaile ona" zela iritzi dio.

Bere aldetik, "Raul Reyes" buruzagia hil duten arren, akordio humanitarioa bilatzen jarraitzeko deia egin du FARCek.

Kolonbiak barkamena eskatu, eta gero Ekuadorren kontra egin du

Hasiera batean, Kolonbiako Gobernuak barkamena eskatu zion atzo arratsaldean Ekuadorkoari, herrialdean barrena egiteagatik. Bere esanetan, ingurua miatzeko sartu behar izan zuten Ekuadorren helikopteroek.

Handik eta ordu batzuetara, baina, Kolonbiak FARCekin "konpromisoak" izatea egotzi dio Rafael Correaren Gobernuari.

Antza denez, "Raul Reyes"i atzemandako ordenagailu batean topatu dute informazioa.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2008
Eskubide guztiak erreserbatuta