
2008/02/28
Aritz Aranburuk ezker belauneko lotailua kaltetu zuen pasa den egunean min hartu zuenean. Orain arte esandakoaren arabera, 6-10 aste arteko baja izan dezake zarauztarrak. Hala ere, bihar egun garrantzitsua izango da bere hurbileko etorkizuna ezagutzeko, australiar mediku garrantzitsu bati bisita egin beharko diolako.
Mediku honek esperientzia dauka surflariekin lan egiterako orduan, beregana jo zuen Mick Fanning munduko txapeldunak 2004an belauna apurtu zuenean. Biharkoaz gain, astelehenean ere beste mediku batengana joateko asmoa du zarauztarrak. Belauna handituta izan du, eta hau apur bat jaitsi arte zain egon behar izan du.
Esaten diotenaren arabera, erabakiak hartu beharko ditu zarauztarrak: ebakuntza egin ala ez, lesioa Australian, Estatu Batuetan, edo etxean sendatu, eta bar. Bere kirol ibilbidean orain arte ez du lesio larririk izan Aritz Aranburuk: puntu batzuk edo kolperen bat Hawaiin edo Tehaupoon, baina besterik ez.
Garbi dagoena da WCT zirkuituko hurrengo txapelketa, Bells Beachekoa galdu egingo duela, baita Australian bertan WQS-ko Margaret Riverrekoa. Ikusi egin beharko da WCT-ko hirugarrenera, Tahitin maiatzaren 8an hasiko den horretara, iritsiko ote den.