Ekonomia

MARTXOAREN 3TIK 8RA, BEC-EN

1.700 enpresatik gora izango dira makina-erreminta biurtekoan

2008/02/27

Sektoreko enpresarik garrantzitsuenek azken aurrerapen teknologikoak erakutsi ahal izango dituzte biurtekoaren 25. edizio honetan.
Aurreko azoka. Argazkia: EFE

argazkia handitu

Aurreko azoka. Argazkia: EFE

Orotara 36 herrialdetako 1.761 enpresak hartuko dute parte aurten bi urterik behin Barakaldoko BECen egiten den makina-erreminta azokan. Aurten 25. edizioa egitekoa da, martxoaren 3tik 8ra.

Ekitaldi garrantzitsua da bertoko ekonomiarentzat orokorrean eta makina-erremintaren sektorearentzat batik bat, sektore honen inguruan Europan egiten den hirugarren azokarik garrantzitsuena baita. Gainera, bigarrena izateko lehia estuan dago.

Sektoreko herrialde liderrak (Alemania, Italia eta Suitza, kasu) aspalditik errotuta daude biurtekoan, eta AEBetako eta Japoniako merkatu garrantzitsuek ere ordezkaritza dute, beste hainbaten artean.

Baina aurten nabarmentzekoa da Taiwan, Txina, India, Txekiar Errepublika eta Errusia bezalako merkatu berrien presentzia, handitu egingo baita.

25. urteurrena

Aurtengo biurtekoa berezia izango da, 25. urteurrena ospatuko duelako. Hori dela eta, azokara hurbilduko diren profesionalek gehien bisitatuko dituzten lekuak apaindu egingo dituzte, hala nola metroa, hotelak eta abar.

Gainera, azokako laugarren egunaren amaieran ekitaldi berezia egingo dute, biurtekoarekin konpromiso sendoa izan duten enpresak saritzeko.

Biurtekoa 1961ean jaio zen, Bilboko Nazioarteko Azokak makina-erremintaren sektorea bultzatzeko ekitaldia sortzea erabaki zuenean.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta