Mundua

ERREAKZIOAK

Castrok karguari uko ekinda Kubara "demokrazia" iristea espero du Bushek

2008/02/19

Oraingoz, Frantziak, Espainiak eta Europar Parlamentuko talde nagusienak hitz egin dute Fidel Castro Kubako buruzagiaren erabakiaz, Bush presidenteaz gain.

Erreakzioak pixkanaka-pixkanaka ailegatzen ari badira ere, nazioarteko agintariak hasi dira Fidel Castrok gaur iragarritako erabakiaren inguruan euren iritzia ematen.

George W. Bush Amerikako Estatu Batuetako presidenteak agertu du Fidel Castrok presidentetzarako karguari uko egin izanak "Kuban demokraziarako trantsizioa" abiatzea ahalbidetzea espero duela. Horrez gain, irlan hauteskunde "libre eta justuak" egin ahal izatea nahiko lukeela esan du.

"Galdetu beharrekoa zera da: Zer esan nahi du honek Kubako herriarentzat, eurak dira Fidel Castroren menpe sufritzen ari direnak, eurak ari dira bere sinesmenengatik sufritzen, eurak dira gizarte libre batean bizitzeko eskubiderik ez dutenak, beraz, Kuba herriarentzako trantsizio gisa ikusten dut hau", agertu du Buhek Ruandan.

Haren ustez, nazioarteko komunitateak "Kubako herriarekin aritu behar du elkarlanean bizimodu demokratiko baterako beharrezko diren erakundeak osatzeko eta hauteskunde askeak egiteko trantsizioa gertatu behar" dela esan du.

Adierazpen ofiziala ez bada ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren aburuz, Castrok Presidentetza uztea "berri ona" litzateke "Kuba demokratizatzeko prozesu baten hasiera balitz. Hori da mundu guztiak nahi duena, batez ere espainiarrok, Kubako herriarekin oso harreman ona baitugu", esan du.

Frantziako Gobernuak albistea atera eta gutxira agertu du bere jarrera. Jean-Pierre Jouyet Europako Gaietako Frantziako idazkariak espero du Kuba "demokraziaren bidetik joatea". Europe 1 irrati kateari eskainitako elkarrizketa batean, "totalitarismo sinbolotzat" jo du Castroren erregimena.

Europako erakunde guztiek itxaropentsu hartu dute berria, irlarekin izan ditzaketen harremanak hobetzeko balioko duelakoan.

Europar Batzordeak (Europar Batasunaren organo betearazlea) "elkarrizketa politiko eraikitzaile" bati ekiteko eskaintza egin dio Kubari, Louis Michel Garapenerako eta Laguntza Humanitariorako komisarioaren bozeramaileak adierazi duenez.

Tankerako adierazpenak egin ditu Javier Solana Europar Batasuneko Kanpo Politikako eta Segurtasuneko goi arduradunak. Europako diplomaziaren buruaren esanetan, Castroren erabakiak erregimen demokratiko baten bidean "trantsizio prozesua" suposa dezake.

Martin Schulz Europar Parlamentuan talde sozialistak duen presidentearen esanetan, herrialdea "eraberritzeko" modua izan daiteke Castroren agurra eta "Europar Batasunarekiko elkarrizketan bide berria" suposatzea espero du.

Bestalde, Joseph Daul popularrek Europako ganberan duten presidenteak pozez hartu du Castroren erabakia, "garai komunistaren azkenaren hasiera" ekarriko duela nabarmendu du. Haren aburuz, "Europar Batasunak Kuban gertatuko diren aldaketak babestuko ditu eta hala, historiako atal beltz hori bukatuko da".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta