2008/02/19
Fidel Castrok erretiroa hartu du. Ofiziala da, berak esan du. Estatuko Kontseilurako kargurako bere izena ez proposatzea eskatu du, ez duelako onartuko. Hortaz, politika aktibotik erretiratzeko asmoa argi eta garbi erakutsi du. Kubako egitura politikoan kargu gorena Estatuko Kontseiluko presidentearena da.
Duela urte eta erdi inguru, funtzioak anaiaren esku utzi zituen arren, ofizialki Fidel izan da presidentea. Gainera, martxoan berriro presidente izendatzeko aukerak zituen. Horretarako baldintza aurretik Kubako Batzar Nazionaleko kide izatea da, eta, hain zuzen, duela egun batzuk izendatu zuten Castro batzarkide. Hortaz, herrialdeko presidente izateko baldintza legalak betetzen ditu.
Baina, Fidelek berak moztu du aukera hori. Alboratzea nahiago duela argi utzi du, belaunaldi berri bati bidea zabalduz. Baina, kontuz. Fidel Fidel da, eta bizirik dagoen artean, sekulako eragina izango du Kubako politikan. Inork ez du ezertxo ere egingo, Fidelen borondatearen kontra. Edozein erabaki hartu aurretik, guztiek Fidelen bedeinkapena bilatuko dute.
Aro berri bat zabalduko da Kuban, baina ez da sakoneko aldaketarik egongo; zuhurtasun handiarekin egingo da guztia Kuban, Alderdi Komunistaren zaintzapean.
Euskadi Irratiko azken albistegia