Politika

GREBA OROKORRA

Grebaren eragina handia izan da batzuentzat; oso txikia, besteentzat

2008/02/14

LAB sindikatuak esan du grebak jarraipen zabala izan duela, tokiaren eta sektorearen arabera, ezberdintasunak egon arren. Jaurlaritzak eta patronalek eragina oso txikia izan dela esan dute.

Ezker abertzaleak azken atxiloketak eta ilegalizazio prozesuak salatzeko deitu duen greba orokorra amaitzeko ordu batzuk baino ez direnean falta, Eusko Jaurlaritza, patronalak eta LAB sindikatua ez datoz bat deialdiak izan duen jarraipenari buruz hitz egiterakoan. Joseba Azkarragak esan du grebak ez duela "aparteko jarraipenik" izan eta leku askotan "behartuta" itxi dutela.

Sindikatu abertzalearen arabera, baina, 40.000 bat lagunek hartu dute parte goizean zehar egin diren elkarretaratze eta manifestazioetan. Araban 3.500 pertsona inguru atera dira kalera; Bizkaian, 11.000; Gipuzkoan, 15.000 baino gehiago; eta Nafarroan, 7.000.

LABek esan du gerbak oihartzun zabala izan duela, tokiaren edo sektore ekonomikoaren arabera, jarraipena txikiagoa izan dela onartu badu ere.

Zonaldeka

Hainbat herri eta eskualdeetan greba ia erabatekoa izan da industria sektorean, hezkuntzan nahiz zerbitzuetan, hala nola, Orereta, Pasaia, Oiartzun, Hernani, Usurbil, Tolosaldea, Goierri, Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia, Durangaldea (Durango, Elorrio, Zornotza), Busturialdea, Lea-Artibai (Ondarroa, Markina, Lekeitio), Sakana (Altsasu, Etxarri, Irurtzun…) eta Deba Garaian.

Beste zonalde batzuetan grebak jarraipen ezberdina izan duela adierazi du sindikatuak. Hezkuntza sektorean eragina handia izan den bitartean, enpresa eta komertzioetan txikiagoa izan da. Horrela gertatu da Iruñerrian, Gasteizen, Errioxan, Bilbon eta Ezkerraldean, esaterako.

Rafa Diez Usabiaga LAB sindikatuko PSOEri ohartarazi dionez, "errepresioa eta ilegalizazio politikak erabilita ez dago etorkizunik. Badirudi Espainiako Estatuak indar erakustaldia egin nahi duela horrelako neurriak hartuta". Bere esanetan, honek guztiak "agerian uzten du (Espainiako Estatua) gaixorik dagoela eta gaixotasun hori Euskal Herria dela".

Eusko Jaurlaritza

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak esan du enpresa eta lantoki handietan ezker abertzaleak deitutako greba orokorrak ez duela "aparteko jarraipenik izan".

Komunikabideen aurrean egin duen agerraldian, Azkarragak berretsi du bere Sailak ez duela ezker abertzaleak deitutako lanuztearen deialdi ofizialik jaso, eta horrenbestez, ofizialki grebarik ez dagoela nabarmendu du.

Ofiziala ez izanda, datuak jasotzeko zailtasunak aipatu ditu Azkarragak, baina orain arte EAEko enpresa eta lantokietan bildutakoaren arabera jarraipen garrantzitsua izaten ari ez dela zehaztu du.

Denda txikietan, tabernetan eta ostalaritzan jarraipena handiagoa izaten ari den inpresioa duela gaineratu du Jaurlaritzaren ordezkariak, baina borondate propioz baino piketeek "behartuta" itxi dutela gaineratu du.

Goizean goizetik grebaren berri ematen ari diren piketeek langileak beharrera joateko galarazteko metroa bezalako garraio publikoak geldiarazi dituztela esan du Azkarragak.

Sindikatuei dei egin die sailburuak "haien borrokarako tresna dena helburu politikoak aldarrikatzeko" erabiltzen ote diren gogoeta egin dezaten.

Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak grebaren inguruan –legez kanpokoa zela esan zuen- esandakoa deitoratu du Lan sailburuak eta, beharrera ez agertzeagatik enpresaren batek langile bat salatuko balu isuna epaileek jarri beharko dutela adierazi du.

12:00ak arte, %3,74ko jarraipena Administrazioan

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Administrazioko langileetatik %3,74k egin dute bat grebarekin. Hala, Jaurlaritzako iturrien arabera, administrazio orokorreko 4.899 behargin ez dira gaur euren lantokietara joan.

Sektoreka, hezkuntzan izan du jarraipen gehien grebak. Lanean behar ziren 19.391 irakasleetatik 3.803 ez dira lanera joan (%19,61). Gehienek Gipuzkoan egiten dute lan (%32,47), %13,43k Bizkaian eta %11,87k, Araban. Osakidetzan %1,31ekoa izan da jarraipena (16.198 funtzionarioetatik 212 ez dira lanera joan). Azkenik, Justizia administrazioko 1.960 langileetatik hiruk egin dute bat grebarekin (%0,15), betiere Jaurlaritzaren datuen arabera.

Erantzuna "eskasa" izan da enpresaburuen arabera

Bestetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek (Cebek eta Adegi) eta Confebaskek esan dutenez, grebak "ia ez du jarraipenik izan" edo "oso eskasa" izan da langileen erantzuna.

LABen kritika

Bestalde, LABek esan du "greba legez kanpokoa dela esanda, datuak estalita eta deialdiaren arrazoia aipatu gabe, zenbati komunikabideetako eta erakundeetako ordezkaritzetatik jendeak grebarekin edo mobilizazioekin bat egin ez dezan egiten ari den lana" kritikatu du sindikatuak ohar batean.

Azkarragak zenbait lokalek "behartuta" itxiko dutela esan duela eta, LABek kritikatu du ez direla aipatzen "grebarekin bat egin nahi dutenen langileen aurkako presioak".

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta