2008/02/14
Ezker abertzaleak azken atxiloketak eta ilegalizazioak salatzeko gaurko deitutako greba orokorrean 22 lagun atxilotu dituzte, Askatasunak informatu duenez.
Gainera, Poliziak egindako 12 kargetan 25 lagun baino gehiago zauritu dira, iturri beraren arabera.
Askatasunak gaineratu duenez, 256 pertsona identifikatu dituzte. 210 identifikazio Ertzaintzak egin ditu, eta gainerako 46ak, Polizia Nazionalak. Gainera, auto-karabanetan parte hartu duten 1.000 ibilgailu inguru identifikatu dituzte.
Bart hasi eta goizeko lehen orduez geroztik, hainbat sabotaje gertatu dira Euskal Herriko toki ugaritan. Erasoak, gaur, 05:00etan hasi dira. 24 pertsona atxilotu dituzte.
Bost atxilotu
Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu gaur goizean Bilborako Juan de Garai sarreran barrikadak jarrita zirkulazioa eteten saiatzeagatik, Herrizaingo Saileko iturriek jakinarazi dutenez.
Goizeko zortziak baino lehen pertsona batzuk elkarren artean kateatzen saiatu dira eskuak errepidean gurutzatutako zementuzko bidoietan sartuta.
Ertzaintzak, jazotakoaren berri izan eta bertaratu ondoren bost lagun atxilotu ditu. Eztabaida izan da eta bidoietako bat errepidean behera atera da. Bere autoan sartzekotan zen lagun bat bidoia gerarazten saiatu da eta hanka hautsi zaio. Zauritua ospitalera eraman dute. Atxilotuak komisarian daude.
Metro zerbitzua, berrezarrita. Bi lagun atxilotu dituzte
Metro zerbitzua ere eten egin behar izan dute goizean burututako bi sabotajeren ondorioz. Arazo guztiak konpondu ondoren normaltasun osoz ibili da.
Lehenengo linean, Areetan, su eman diote pneumatiko bati Areeta eta Gobela geltokien artean 07:36an. Materiala berehala kendu dute trenbidetik eta zerbitzua berrezarri. Atzerapenak izan dira, baina 07:52rako normal ibili da metroa.
Horrez gain, Ertzaintzak beste bi lagun atxilotu ditu; Galindo zubitik behera eskegi dira pertsona horiek metroaren bigarren lineako trenbidearen gainean, Urbinaga parean
Bi gazteek 10 minutuko protesta egin dute. Ertzaintza iristean handik jaitsarazi eta atxilotu egin dituzte.
Sabotaje horren ondorioz, ezkerraldea zeharkatzen duen metroaren bigarren linea etenda egon da 08:00etatik 08:25era bitartean. Horrez gain, atzerapenak ere gertatu dira.
Sei atxilotu Mirafloresen
Bestalde, lagun batzuek zirkulazioa eten dute Mirafloresen, Bilbon, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Sei lagun errepidean kateatu dira.
07:40tik 10:15era bitartean errepidean egon diren sei pertsona horiek atxilotu ditu Ertzaintzak. Ordu horretan moztu dituzte suhiltzaileek kateak. Ordurarte, zirkulazio arazo handiak gertatu dira inguruan.
Ohar baten bidez ekintza horren sustatzaileek esan dutenez, "ideien jazarpenaren eta PSOEk inposatutako salbuespeneko Estatuaren aurkako eta konponbide demokratikoak eskatzeko protesta modu baketsu ikusgarria da".
Errepidean gurutzatu dira pertsona horiek, Boluetako gasolindegiaren parean, eta goizeko zortziak aldera, zirkulazioa eten dute.
Donostia
Arratsaldean propaganda lanetan ari zen gazte bat atxilotu du Ertzaintzak, 18:00ean, Askatasunaren arabera. Ertzaintzak agente bati erasotzea egotzi dio.
Atxilotu bat Errenterian
Ertzaintzak lagun bat atxilotu du Errenterian pikete talde bat Udaletxean sartzen saiatu ondoren, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Atxiloketa 11:30 baino lehen gertatu da. Udaletxean sartzen saiatu ondoren, poliziak piketeen aurka egin du.
Lehenago, iturri beren arabera, Donostian ezezagunek kontainerrak gurutzatu dituzte.
Atxilotu bat Azpeitian eta indentifikazio bi Pasaian
Azpeitian, Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du goizeko bederatziak baino lehenago, Herrizaingo Sailaren arabera, pikete batean ari zela bere burua identifikatzeari uko egin diolako.
Pasaian, goizeko bederatziak aldera, desordena publikoa delitua egotzi diete ertzainek hiru laguni, kale baten zirkulazioa eteten saiatu direlakoan. Atxilotuok zinegotzi bat eta bi udaltzain ziren.
Lau atxilotu Sestaon eta beste bat Portugaleten
11:15 aldera, ertzainek bi mutil eta bi neska atxilotu dituzte Sestaon, Los Baños kalean kontainerrak gurutzatu dituztelakoan. Desordena publikoa egosteaz gain, Poliziaren aurkako atentatua egitea ere leporatu diete atxilotuetako biri, Herrizaingo Sailaren arabera, atxilotzera joan diren ertzainei eraso egin omen dietelako.
12:15 igarota, beste pertsona bat atxilotu dute desordena publikoak leporatuta, Pablo Sarasate kalean kontainerrak gurutzatzea egotzita.
Azkenik, lagun bat atxilotu dute Portugaleteko Carlos VII kalean, 11:30 inguruan, pikete batean ari zela desordena publikoak egitea leporatuta.
Atarrabia
Goizean Polizia Nazionalak pikete informatiboetan parte hartzen ari ziren zazpi pertsona identifikatu eta bat atxilo eraman dute spray bat zeramalako.
Iturrama
Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du eta telefono kabinetan kalteak egitea egotzi diote.
Barrikada bat Eskoriatzan
Ezezagunek barrikada bat jarri dute Gi-627 errepidean, Eskoriatza parean (Gipuzkoa) eta su eman diote bertan pilatutako materialari, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Istiluak goizaldeko bostak eta hamarrean gertatu dira. Errepidea itxita egon da hogei minutuz.
Renferen tren zirkulazioa etenda Tolosa eta Legorreta artean
Bestalde, Tolosa eta Legorreta arteko (Gipuzkoa) Renferen tren zerbitzua eten egin dute ezezagunek katenaria moztu dute eta. 09:15etik 12:15era egon da etenda.
Nafarroan ere, barrikadak
Nafarroan ere mota honetako istiluak izan dira. Ezezagunek barrikada bi jarri dituzte Landabengo (Orkoien) eta Albisualdeko (Lekunberri) industrialdeetarako sarreretan eta su eman diete, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzatik jakinarazi dutenez.
Bestalde, Iruñeako Udaltzaingoaren esanetan, bart ezezagunek su eman diete hiru kontainerri Nafarroako hiriburuan.
Bestalde, Durango eta Elorrio artean, Atxondon, barrikadak jarri dituzte eta zirkulazioa eten dute.
Pasaiarako sarbideak, itxita
Bestalde, barrikadak jarri dituzte Pasaiarako sarbideetan eta errepideak itxita egon dira. Kontainerrak jarri eta su eman diete.
Soraluzen ere barrikadak jarri dituzte
Bestalde, Zestoan, Gi-631 errepidea itxi egin dute errepidean zuhaitz bat jarrita.
Horrez gain, ezezagunek N-1 errepidean, Billabonan, Irungo noranzkoan, pneumatikoak jarri dituzte eta su eman diete.
Bestalde, Gasteizko Udalak jakinarazi du goizaldean ezezagunek su eman diotela kontainer bati Arabako hiriburuan.
Autobusa kiskali dute Ondarroan
Ondarroako (Bizkaia) Antiguako Ama kalean aparkatuta zegoen Bizkaibuseko autobus bat erre dute lau kaputxadunek gaur gauean, Ertzaintzak jakitera eman duenez. Gidaria autobusetik jaitsiarazi ondoren, likido sukoiarekin busti dute ibilgailua gero su emateko. Erasoa izan den lekuan aparkatuta zeuden sei ibilgailuk kalte nabarmenak izan dituzte.
Herrizaingo Sailetik azaldu dutenez, 21:15ean izan da erasoa. Mailuak zeramatzaten zenbait kaputxadunek autobuseko gidariari bertatik ateratzeko agindu diote ibilgailuari su eman baino lehenago.
Sugarren ondorioz, autobusa erabat kiskali da. Baina ondoan zeuden sei ibilgailuk ere kalte handiak jasan dituzte.
Suhiltzaileak bertaratu dira erasoa gertatu den lekura. Zorionez, ez da biktimarik izan.
Pasaiako Renferen geltokia
Ezezagun talde batek Pasaiako (Gipuzkoa) Renferen geltokiari egin dio eraso. Ertzaintzak jakinarazi duenez, likido sukoiaz busti eta su eman diote geltokiko gela bati.
Erasoa 22:30ak aldera izan da eta sutearen ondorioz geltokiko argindar-sistemako kutxa batek kalteak izan ditu.
Dena den, treneko bidaiariei ez die inongo arazorik sortu.
Istiluak Iruñeko manifestazioaren ondoren
Arratsaldeko manifestazioa amaituta, istiluak hasi dira Alde Zaharrean eta Polizia sartu da bertara. Alde zaharrean zeuden hainbat pertsona kolpatu ditu poliziak, eta pertsona bati izugarrizko jipoia eman diotela salatu du Askatasunak.
Euskadi Irratiko azken albistegia