2008/02/13
Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariaren esanetan, ostegun honetarako egindako greba orokorrerako deialdia "legez kanpokoa" da eta horren bitartez, ezker abertzaleak "indarkeria eta xantaia" besterik ez ditu bilatzen.
Horrez gain, agertu duenez, egun horretan Ertzaintzak eta Segurtasun Indarrek "bakoitzak eskumena duen tokian, profesionaltasun osoz eta sistema demokratikoak beraien esku jartzen dituen mekanismo guztiekin lan egingo dute herritarren segurtasuna bermatzeko".
Ohar baten bidez, Luesmak esan duenez, ezker abertzaleak ilegalizazioen eta atxiloketen aurka protesta egiteko deitutako greba "legez kanpokoa da, edonondik begiratuta ere". "Gure ustez, azkenean herritarren aurkako indarkeriaren eta xantaiaren baliabidea besterik ezagutzen ez dutenak protagonista izango dituen egun bati babesa ematea da legez kanpoko Batasunak eta haren oinordekoen asmoa", agertu du.
Haren ustez , horiek "argi dute, deialdia egin duten unetik, gure elkarbizitza asaldatzeko eta hiri-altzariak eta ondasun publiko eta pribatuak suntsitzeko asmoa". "Eta guzti hori, Justizia Auzitegien erabakien aurka protesta egiteko argudioarekin, gure Zuzenbidezko Estatuak terrorismo modu guztien aurka darabilen jardunagatik", gehitu du.
Luesmaren esanetan, "ezker abertzalea deritzonak ez du legeak babestu eta arautzen duen grebarako eskubidea gauzatu nahi". "Euskal langileek, enpresaburuek, ikasleek, gizarteak, orokorrean, badute baketan bizitzeko, lan egiteko eta ikasteko eskubidea. Eta bihar hala gerta dadin, Ertzaintzak eta Estatuko Segurtasun Indarrek, bakoitzak eskumena duen tokian, profesionaltasun osoz eta gure sistema demokratikoak euren esku jartzen dituen mekanismo guztiekin egingo dute lan. Herritarrek hala gertatuko dela ziur egon behar dute", esan du.
Azkenik, "zakarrei" zuzendu zaie, "modu koldarrean isilik daudenei" eta gogora ekarri die bere aburuz "zein den euren etorkizuna: Lehenengoentzat, Legearen pisu guztia eta bigarrenentzat, gure mespretxu eta gaitzespena".
Euskadi Irratiko azken albistegia