2008/02/14
Ezker abertzaleak greba orokorra deitu du gaurko, hilak 14, ANV eta EHAKren aurkako ilegalizazio prozesuak salatzeko. Iragan astelehen goizaldean ezker abertzaleko 14 kide atxilotu aurretik egin zuten protestarako deialdia.
Grebaren legezkotasuna zalantzan
Ezker abertzaleak deitutako grebaren legezkotasuna, gainera, zalantzan jarri dute.
UGT sindikatuak afiliatu guztiei protestan parte ez hartzeko eskatu die eta greba "legez kanpokotzat" jo du.
Bestalde, Paulino Luesma Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak "ilegaltzat" jo du deialdia. Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, bestalde, "legezkoa den ala ez" auzitegiek erabaki behar dutela esan du bart Radio Euskadin. Hala ere, Lan Sailean inork deialdi ofizialik ez duela egin agertu du.
Hori dela eta, baliteke greba egiten duten langileek zigorren bati aurre egin behar izatea, "lan egin ez dituzten orduen soldata kentzeaz gain", esan du Azkarragak.
Deialdia
Euren aurkako "errepresio judizial, politiko eta polizialaren" aurka protesta egiteko asmoa dutela argudiatu dute deitzaileek Mikel Etxabururen ahotik, eta, bestetik, "marko demokratikoari eta independentziari baietz esateko".
LAB izan da deialdiarekin bat egin duen organismo bakarra, Donostiako HBko Sozialista Abertzaleak taldeko eta udal hauteskundeetan legez kanpo utzi zituzten hautagaiak protestari atxiki ondoren. UGT sindikatuak eta Aralarrek esan dute ez dutela parte hartuko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herritarrei greba egiteko deia egin die.
Horrez gain, EHNE, Hiru, ESK eta STEE sindikatuetako kideek ere babesa agertu diote greba-deialdiari.
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, "lan egin nahi dutenen eskubidea errespetatzeko" eskatu du. Horrez gain, Xabier Agirre EAJko Arabako ahaldun nagusiak Radio Euskadin agertu du uko egiten diola ilegalizazioei "modu bidegabean" erantzuteari. Zehaztu du ez deritzola greba "bidegabea" dela, "bai, ordea, alderdi politikoen aurkako erasoak edo kutxazainak erretzea".
Batasunaren agiria
Bestalde, Batasuneko Mahai Nazionalak agiria bidali zuen Gara eta Berria egunkarietara. Bertan ezker abertzalearen aurkako azken jarduerak kritikatu ditu, negoziazioen hausturaren ondoriotzat jota.
Protestak "independentziaren alde indarrak batzeko" balio dezakeela eta "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera" salatzeko modu bat dela deritzo Batasunak.
"Lan egin nahi dutenak errespetatzeko" eskatu du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak, bestalde, esan du ez duela grebari buruzko iritzirik. "Hala nahi dutenen lan egiteko eskubidea errespetatzeko" eskatu du, hala ere.
Amnistiaren Aldeko Mugimendua
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak babesa agertu dio grebari eta "bide errepresiboen aurka" protesta egiteko deia luzatu die herritarrei.
Aralarrek ez du parte hartuko
Aralarrek, bestalde, ez du greba deialdiarekin bat egin, "adostasunik gabe" hartutako ekimena dela argudiatuta. Hala ere, "oinarrizko eskubide demokratikoen urraketak" salatzeko "izaera baketsua eta izpiritu plurala duen protesta orotan" parte hartzeko asmoa agertu du.
Euskadi Irratiko azken albistegia