2008/02/13
Batasuneko Mahai Nazionalak berretsi egin du independentzia lortzeko "egoera demokratikoa" behar dela Euskal Herrian. Onartu egin du egun bizi duen egoera "oso beltza" dela Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz egindako azken atxiloketek "min" egin baitiote.
Ilegalizazio prozesuak eta atxiloketak negoziazio prozesuaren hausturaren ondorio direla agertu du Batasunak, PSOEk, "EAJko morroi leialekin, konponbide demokratiko bati bizkarra ematea eta Euskal Herriaren gaineko zapalkuntzari eta gerra estrategiari ekitea" erabaki zuela azalduta.
"Ezin dugu ukatu min egin digutela, zeren begibistakoa baita beste behin min egin digutela. Baina zutitu egiten gara jasotzen ditugun kolpeen ostean", adierazi du Batasuneko Mahai Nazionalak Gara eta Berria egunkarietara igorritako agirian.
"Itxaropenerako arrazoiak" badaudela dio, beraz, eta "independentziaren ateak zabalduko dituen egoera demokratikoaren" aldeko apustua egin du, "ezker abertzaleak, herritarrekin eta langileekin batera aukera hori bururaino eramateko prest" dagoela baieztatuta.
Mahai Nazionalaren ustez (alderdiaren buruzagitza berriko 38 kideetatik 19 kartzelan daude) "oso beltza" da bizi duten egoera, baina argi utzi nahi izan du "momentuko egoera politikora" egokituko direla.
Horren harira, agertu dutenez, "GALaren eta Felipe Gonzalezen garaietan erakundeetan parte hartu behar genuela esaten ziguten, orain, ordea, Zapaterorekin, ilegalizazioen bidez, politika egiterik ez dugula erakusten digute".
Biharko greba
Ezker abertzaleak biharko deitu duen greba orokorraren harira, Batasunak uste du "independentziaren alde indarrak batzeko" balio dezakeela eta "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera" salatzeko modu bat dela.
Euskadi Irratiko azken albistegia