2008/02/12
Ezker abertzaleak ostegunerako deitu duen greba orokorraren inguruko iritzia ematen hasi dira euskal alderdiak eta agente sozial eta sindikalak. Donostiako HBko, Sozialista Abertzaleetako, Baga Bogako eta ANVko zinegotzi ohiek osteguneko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute "herritarren ordezkarien" atxiloketak "oso larriak" direlako "demokratentzat eta demokraziarentzat". Aralarrek deialdiarekin bat egingo ez duela iragarri du, ilegalizazioaren kontrako "protesta baketsuetan" parte hartzeko prest dagoela azpimarratu badu ere. Amnistiaren aldeko Batzordeak, ordea, deialdia babestu du, "errepresioari hortzak erakutsi behar zaizkiola" argudiatuta. UGTk, azkenik, grebarekin bat ez egiteko deia egin die bere afiliatuei, greba "legez kanpokoa" baita, euren esanetan.
Felix Soto HBko zinegotzi ohiak eta Miren Zinkunegi Sozialista Abertzaleetako zinegotzi ohiak Josetxo Ibazeta, Iñigo Balda, Joseba Alvarez, Joseba Permach, Karlos Trenor eta Mikel Aznarren atxiloketak salatzeko komunikatua irakurri dute gaur. Haiekin batera zeuden babesa ematen, besteak beste, Agustin Rodriguez Donostiako ANVko zerrendaburua edo Joxan Urkiola LABekoa.
Sotok azaldu duenez, "herritarren ordezkarien" atxiloketak "oso larriak" dira " bai demokratentzat, bai demokraziarentzat". Izan ere, "politika egiteagatik atxilotu dituzte, aukera guztiak, baita independentzia ere, lekua izango lukeen marko demokratiko baten alde lan egiteagatik" eta "euskal gizartea bere prozesuaren eta etorkizunaren jabe izan dadin" exijitzeagatik.
Gainera, Batasuneko zinegotzi ohiaren arabera, Odon Elorza alkateak, PSE-EEk, EAJk, PPk, EAk eta EB-Aralarrek "txalotu egin dute milaka donostiarren ordezkari direnei ezarri zaien zigorra".
Aralarrek ez du babestuko
Aralarrek adierazi duenez, greba deialdia "adostasunik gabe" eta "alde batek soilik" erabakitako ekimena da. Hala ere, "izaera baketsua eta izpiritu plurala duen edozein protestatan" parte hartzeko prest dagoela agertu du alderdiak.
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen esanetan, "gertatzen ari den askatasunen murrizte egoera honen aurrean, alde biren arteko gerra testuinguruan, gure protestarako eta salaketarako ahotsa entzunaraziko dugu".
Abrilek salatu duenez, "Batasunak eta Estatuak gerra estrategia darabilte" eta, haren esanetan, "atxiloketa eta ilegalizazioen astakeri eta zapalkuntza horiei kale borroka ekintzekin eta atentatuekin erantzutea izugarrizko akatsa da, ezin baitakioke giza eskubideen urraketa bati beste urraketa batekin erantzun". Agertu duenez, Aralarrentzat estrategia hori "guztiz okerra" da.
Abrilen arabera, ezker "ofizialak Estatuari erronka bota zion eta Estatuak erronka horri irmo erantzun dio". "Guzti honetan gehien galtzen duena euskal gizartea eta Euskal Herria bera dira eta, bereziki, Euskal Herri subiranoa desio dugunok, independentistok".
Amnistiaren aldeko Batzordeak greba deialdia babestu du
Bestalde, Amnistiaren aldeko Batzordeak grebarekin bat egiteko deia egin du, "errepresioari hortzak erakutsita" erantzun behar zaiela argudiatuta. Sabin Juaristi bozeramaileak Donostian eskainitako prentsaurreko batean, ekainetik eta "arrazoi politikoak tarteko", 322 lagun atxilotu eta horietatik 151 kartzelatu dituztela salatu du. Horrez gain, polizia-etxean eta Guardia Zibilaren kuarteletan ustez jazotako 30 tortura kasu salatu dira eta 100 ekitaldi politiko debekatu.
Askatasunaren hitzetan, balantze honekin "Frankismo garaiko kalitate labela" duela frogatu du Espainiako Estatuak, bere garaian ez baitzen "trantsizio demokratikorik" egon. "Estatuak indarra baino ez du erabiltzen, independentziaren aukera emango duen proiektu demokratikoa ez duelako", agertu du.
Horren aurrean, EAJk duen jarrera ere kritikatu du Amnistiaren aldeko Batzordeak. Salatu dutenez, bi aurpegi izan ditu erabaki juridikoen aurrean: "Aurpegi polita, Erabaki plataformaren aurkezpenarekin eta, aurpegi itsusia, Bilboko manifestazioarekin".
UGTrentzat "legez kontrakoa" da greba
Beste muturrean, grebarekin bat ez egiteko deia egin die bere afiliatuei UGT sindikatuak. Haren esanetan, greba deialdia "legez kanpokoa" da.
Euskadi Irratiko azken albistegia