2008/02/13
Baltasar Garzon epailearen aginduz astelehenean atxilotu zituzten ezker abertzalearen 14 kideak gaur, asteazkena, eramango dituzte Auzitegi Nazionalera. Bien bitartean, Madrilen dituzte, inkomunikatuta.
Garzonek Kepa Bereziartua EAE-ANVko presidentea ere deitu du gaur deklaratzera. Iragan astean, ETAri laguntzea egotzita auzipetu zuen.
Espainiako hauteskundeak egiteko hilabete eskas geratzen den honetan, agintariek ezker abertzalearen aurkako prozesu juridikoa eta poliziala bizkortu dute eta egun gutxitan hainbat operazio gauzatu dituzte.
Duela astebete Pernando Barrena atxilotu zuten, eta duela bost egun EAE-ANVren eta EHAKren jarduerak eten egin zituen Garzonek. Astelehenean, aldiz, ezker abertzaleko 14 kide atzemateko agindu zuen, Batasuneko mahaikideak izatea edo Mahai Nazionalean sartzear egotea egotzita.
Atxilotutakoen artean Karmelo Landa, Mikel Etxaburu, Eusebio Lasa, Aitor Aranzabal eta Karmele Aierbe daude. Ordu batzuk lehenago, prentsaurrekoa eskaini zuten Bilbon, ostegun honetarako greba orokorra deitzeko "jazarpenaren aurka".
Poliziak 14 atxiloketak gauzatu eta gero, ezker abertzaleak greba deialdiari eutsi dio, eta alderdikideak atzematen ari badira ere, "milaka eta milaka" euskal herritar "lan politikoarekin jarraitzeko prest" daudela ohartarazi die Espainiako agintariei.
ANVren lokal baten miaketa, Barakaldon
Beste alde batetik, Guardia Zibileko agenteek Kepa Bereziartua ANVko presidenteak Barakaldon duen lokal bat ere miatu zuten atzo, asteartea, EFE agentziak informatu zuenez, terrorismoaren aurkako borrokako iturriak aipatuta.
Bizkaia kalean dagoen lokal horretako miaketan Guardia Zibilaren zortzi patruilek parte hartu zuten, Auzitegi Nazionalaren aginduz.
Euskadi Irratiko azken albistegia